Musakolan ez dira sanisidroekin konformatzen

Hasier Larrea 2023ko urr. 25a, 09:39

2021ean, Ziorla Festeko kontzertuetan, 'San Isidrock' plazan.

Ziorla Fest jaialdia antolatu du Musakolako Jai Batzordeak bigarrenez. Aurten kontzertu handi bat baino gehiago egitea gura izan dute, "proba moduan". Ostiral, zapatu eta igandean herriko musikari ugarik zuzenekoak eskainiko dituzte auzoko tabernetan, eta zapatu iluntzean rock kutsuko bost taldek joko dute Sanisidrock plazan, tartean Des-kontrolek.

Pandemiako testuinguruan sortu zuten Ziorla Fest jaialdia Musakolan, 2021ean, jaiak behar bezala ezin ospatuta, auzoan itzalita zegoen bizitasuna berreskuratzeko. Maiatzeko San Isidro egunaren bueltako jaiak baitira ezagunenak, baina urtean zehar ere saiatzen dira kultur ekintzak antolatzen. Jai batzordeko Beñat Apraizek azaldu moduan, "gustatzen zaigu Musakola kolorez betetzea, eta horretantxe jarri ditugu indarrak oraingoan ere".

Zuzeneko musikaren aldeko apustu sendoa egin dute, asteburu osoan zehar egongo baita zer entzun eta zer ikusi. Gehien bat emanaldi akustikoak nagusituko dira tabernetan, Arrasateko musikari eta talde ezagunenak: "Herriko artistei plaza eskaintzea ere badelako helburua". Gaztetxoengan ere pentsatu dute, DJ Goiko disko-festa egitera gonbidatuta. Hori zapatu arratsaldean izango da. Segidan, Sanisidrock plazako karpan, distortsioz betetako kontzertuak hasiko dira: Hauek azkoitiarrak, Oihu! aretxabaletar eta eskoriatzarrak, Zeker elorriarrak, Suzio 13 madrildarrak eta Des-kontrol arrasatearrak igoko dira oholtzara. Hotza edo euria eginez gero ondo babestuta egongo da publikoa, jaietan jarritako karpa bera, 40x10x4 metrokoa, izango baitute aterpe.

Asteburu bete-betea dator beraz. Ziorla Fest auzo guztira hedatuko da bigarren aldi honetan, eta nork daki hirugarrenak auzoko mugak gaindituko dituen: "Ea antolatu dugun jaialdi hau ondo irteten den; hala balitz, hurrengo erronka egindakoa hobetzea izango da", borobildu du Apraizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak