Xabier Egibar Laboral Kutxako zuzendari nagusia eta Ramon Gomez Mondragon Hospitalityko lehendakaria izan dira sinadura protokoloan, eta biek ere "baikortasunez" begiratu diote etorkizunari. "Gure erakundeak betidanik lagundu izan die gure inguruko gizarte –eta enpresa– aurrerapenaren alde lankidetzan aritzeko xedea duten ekimenei, eta Mondragon Hospitality, proposamen bereizgarria merkaturatzeko borondateak biltzen dituen eredu berritzailea da", azaldu du Egibarrek. Gomez, berriz, "pozik" da Laboral Kutxaren bazkidetzarengatik. "Finantza erakundea gure artean sartuz, ikuspegi integral batetik jorra dezakegu hotelen eta osasunaren esparruetan proposatzen diguten proiektu oro. Finantzaketa funtsezkoa da edozein ekimenetan, eta, orain, Laboral Kutxaren partaidetzarekin, zirkulua ixtea lortu dugu".
Adierazi dutenez, Laboral Kutxak "proposamen esklusibo bat" diseinatu du sektore soziosanitariorako banku-zerbitzuen eta seguru espezializatuen arloko premiak asetzeko, eta ehun milioi euroko finantzaketa lerro bat emango du datozen bi urteetan. "25 milioi euro jasangarritasuna eta energia efizientzia hobetzeko izango da".
Gainontzeko enpresak
Laboral Kutxaz gain, Enea, Erreka, Gerodan, Krean, Fagor Elektronika, Ondoan eta Onnera Contract enpresek osatzen dute Mondragon Hospitality.