Iñigo Alzola 39 minutu eta 24 segundotan igo da Udalatxera

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urr. 21a, 17:09

Arrasateko plazatik Udalatxeko tontorrera zenbat denboran igotzeko gai izango zen, horixe zerabilen Iñigo Alzola arrasatearrak buruan aspaldian. Denbora on bat egitea zen helburua eta bete du: 39 minutu eta 24 segundo behar izan ditu 5,7 kilometro eta 910 metroko desnibela egiteko. Hemen duzue ikusgai Mondraitzek eginiko bideoa.

Goizeko hamarretan puntuan atera da Alzola herriko plazatik. Bidean eta tontorrean lagunak izan ditu animoak ematen. "Polita izan da eta emaitza ere ona izan da", azaldu du. Bazekien 40 minututik beherako denbora oso denbora ona izango zela eta lortu du.

Sasoi onean dago Alzola. Urriaren 7an, Anbotoko kilometro bertikalean lehenengo postuan geratu zen. Arrasatekoak 40 minutu eta 3 segundotan geratu zuen erlojua, eta 9 segundo atera zizkion bigarren egin zuen Aitor Ajuria gatzagarrari. "Anbotokoaren ostean pozik nengoen egindakoarekin eta Udalatxeko erronkarekin proba egitea erabaki nuen", azaldu du.

Ez da Udalatxeko igoeran bere burua proban ipini duen lehen aldia. "Duela bost urte 37 minututan igo nintzen lehenengo gurutzera. Gaur ez naiz handik igaro, baina igaro izan banintz orduan baino azkarrago helduko nintzateke, hobeto nenbilen". Gaurkoarekin, Arrasate eta Udalatx uste baino gertuago daudela frogatu du Alzolak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak