Sagarra izan da protagonista hirugarren zapatuko azokan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 21a, 13:23

Bertako produktuen azoka egiten dute hileko hirugarren zapatuan, eta berezitasun bat izaten da hilabetero; gaurkoan, sagarra izan da.

Dozenaka ekoizle batu dira gaur goizean Seber Altube plazan eginiko azokan, baina sagarraren ekoizpenari dagokionez, saltzaile bakarra izan da: Itsasoko (Gipuzkoa) Hariztizabal baserria. Bertako kidea da Eneko Solana, eta azaldu du "geratzen zaizkien sagarrak" eraman dituztela Arrasatera; hain justu, guztira, hamalau mota, eta batez ere, "mahaikoak, jatekoak", hala nola errege beltza, nafar horia, errege nafarra eta errege gorria. Sagar zukuak eta marmeladak ere baziren salgai, eta erantsi du Arrasateko eta Bergarako Ereindajan dendetan ere eskuragai daudela. "Horrelako dendak bultzatu behar dira, eta egiten duten lana eskertu behar da".

Bertaratutako beste ekoizle batzuek ere bazituzten salgai sagarrak, baina ez zen euren produktu nagusia. Besteak beste, garaiko barazkiak, gazta, kontserbak, hestebeteak eta gozoak izan dira salgai. Horrez gain, baziren proiektu zehatzetarako dirua biltzeko helburuarekin jardunean zirenak ere; esate baterako, Harreman Dendako eta Amerika elkarteko kideak.

'Showcooking 'saioa

Anne Otegi Osoa Cooking ekimeneko bultzatzaileak, berriz, showcooking saio bat egin du. Sagarrarekin egindako hiru errezeta prestatu ditu, "sagarra sagardorako ez ezik, beste hainbat gauzetarako ere" erabili daitekeela nabarmenduta. Batetik, sagarrarekin egindako opil batzuk prestatu ditu gosaritarako; bestetik, sagar eta tomate chutney saltsa nola egin azaldu du, errezeta gazi-gozoa dela azpimarratuta; eta, azkenik, gaileta batzuk egin ditu sagarraren azalarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak