Palestinako herriaren eskubideak errespetatzea exijitu dute Arrasaten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 20a, 21:41

Arrasaten gaur iluntzean eginiko mobilizazioa. Irudia: Imanol Soriano.

Genozidioa gelditu, Palestina askatu! lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean Herriko Plazan. Dozenaka lagun batu dira.

Irekia izan da deialdia, eta azaldu dutenez, "atsekabez" bizi dute azken egunotan Palestinan eta "bereziki Gazan" gertatzen ari dena. Haien arabera, "gogortu" egin da "inoiz desagertu ez den biolentzia politikoa". "Hemendik ozen eta garbi esaten dugu, Palestinako gerra espiralaren erantzulea apartheidean oinarritzen den Israelen politika kolonizatzailea dela". Jakinarazi dutenez, oraindik ere hiru milioi palestinar erbestean bizi dira, gehienak "bizitza duin eta seguru baterako perspektibarik gabe". Are gehiago, erantsi dute Gazaren kontrako blokeoak ez duela etenik 2007tik, eta bonbardaketak nahiz operazio militarrak "etengabeak" direla. "Biztanleak sufrimendura kondenatzen ditu. Gaza gaur egun mundu mailako zeru zabaleko kartzelarik handiena da".

Hala, Palestinako herriaren eskubideak errespetatzea exijitu dute bertaratutakoek. "Okupazioaren amaierarekin hasita, Nazio Batuen ebazpenen errespetuan oinarritutako eta Nazioarteko Komunitateak bideratutako negoziazio nahiz elkarrizketa aktibatzea eskatzen dugu, segurua eta bideragarria izango den palestinar estatu bat aitortua izan dadin, eta etorkizunean eskualdean bakea eta egonkortasuna bermatuko dituen konponbide integral bat egon dadin".

Erakundeei eskaria

Hortaz gain, erakundeei ere eskaria egin diete, "apartheid egoerarekin, gizateriaren kontrako krimenekin eta Palestinak pairatzen duen genozidioarekin konplizeak" izateari utzi diezaiotela exijitzeko. Hala, Euskal Herrian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete herritarrei; esate baterako, Donostian bihar egingo den manifestazioan. 17:30ean hasiko da Antiguoko tunelean.

Aretxabaletan ere elkarretaratzea

Aretxabaletan ere mobilizazioa egin dute gaur iluntzean Herriko Plazan, Genozidioa gelditu, Palestina askatu! lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak