Palestinako herriari elkartasuna erakutsiko dio Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 18a, 08:59

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistaren ekintzetako bat artxiboko irudi batean.

Hitzaldia antolatu dute hilaren 20rako, Kulturaten, 18:30ean. Ondoren, elkartasun argazkia aterako dute, Seber Altube plazan.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, antolaturiko ekitaldiekin asmo dute "Israelgo Estatuaren ofentsiba militarra eta mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" salatu eta Palestinako herriari elkartasuna erakustea. Haien arabera, azken asteotan "asko larritu da" Palestinako egoera politiko eta soziala. "Israelgo estatuak hamarkada luzez Palestinako herriaren aurka aurrera daraman okupazioaren eta genozidioaren aurrean, Palestinako erresistentziak borroka bidez erantzun du". Alabaina, nabarmendu dute Israelek ofentsiba militarra abiarazi duela, "gerra egoera ezarriz".

Hala, zenbait gako azpimarratu dituzte. Batetik, nabarmendu dute Israelek "etengabe" jazarri dituela palestinarrak, hala nola lurraren okupazioa, tortura eta hilketa erabiliz, baina atzean badagoela nor gehiago. "Mendebaldeko bloke inperialistaren konplizitatea eta babes politiko zein militarra dago". Bada, uste dute testuingurua gogoan izanik, "esanguratsua" dela alderdi parlamentarioen posizionamendua. "Eskuineko alderdiek Israeli babesa adierazi diote, eta ezkerrekoek, berriz, bakearen eta elkarrizketaren mezua zabaldu dute". Hala ere, erantsi du diskurtso bakezaleak "Israelen erregimena zuritu, Palestinako herriak pairatzen duen zapalkuntza egoera ezkutatu eta erresistentzia kriminalizatu besterik" ez duela egiten.

Salatzeko beharra

Era horretan, Israelgo estatuaren "izaera kriminala" eta mendebaldeko herrialdeen "paper kolaboratzailea" seinalatu eta salatu nahi dute, Palestinari babesa agertzearekin bat. "Dominazio eta zapalkuntza guztien aurka, beharrezkoa da nazioartean antolatutako indar politiko iraultzaile bat gaurdanik eraikitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak