Oraindik badago lekua Hizkuntza Eskola Ofizialean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 10a, 17:31

Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialak Arimazubi plazan daukan gela desplazatuan abiatu dute ikasturtea eta oraindik leku batzuk geratzen dira libre. Ikasturte osorako prezioa 72,36 eurokoa da. Azterketarako bi deialdi daude, maiatzean eta irailean eta agiri ofizialak ematen dituzte. Izena emateko, deitu 943 89 92 75 telefono zenbakira edota idatzi eoieibarheo@gmail.com helbidera.

Hizkuntza Eskola Ofizialetik adierazi dutenez, oraindik badaude plaza libreak alemanean A1ean eta A2an (oinarrizko mailak), eta baita ingelesean ere (A2an eta B1ean). Beraz, izena emateko dei egin diete arrasatearrei. "Gainera, aurten, hizkuntza laguntzailea ere izango da Arrasaten. Hizkuntza laguntzaileak hainbat lurraldetatik etortzen dira bertako irakasleei laguntzeko, batez ere, ahoskera lantzen, eta bide batez, haien kultura ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen da. Arrasateren kasuan, hilean behin etorriko da hizkuntza laguntzailea ikasleekin bizipenak partekatzeko. Ingeleseko laguntzailea izango da, eta Ameriketako Estatu Batuetakoa da", nabarmendu dute.

Bost urte Arrasaten

2018tik dago martxan Eibarko Hizkuntza Eskolako Arrasateko gela desplazatua. Orduko hartan, Arrasate Helduen Eskolan (HHI) kokatu ziren gela desplazatuak. Pandemia garaian, HHIn lekurik ez zegoela eta, Udalak hitzarmena sinatu zuen Debagoieneko Mankomunitatearekin, eta bertako gela bat erabili izan da klaseak emateko. Iaztik, Arimazubiko lokalean dago Hizkuntza eskolako gela desplazatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak