30.000 euro, Bono Denda 2023 kanpaina sustatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 10a, 15:36

Merkemerkauan, erosleak arropa begiratzen.

Arrasateko Udal Gobernuak 30.000 euro bideratuko ditu Bono Denda 2023 kanpainara, "tokiko merkataritzaren aldeko apustuan". Eusko Jaurlaritzak sustatuta jarriko da martxan aipatu kanpaina eta Arrasateko herriari dagozkion bonu kopuruari beste 3.000 bonu gehiago gehituko zaizkio, Udalak finantzatuta.

Azaroan jarriko dute martxan Bono Denda 2023 kanpaina, "tokiko saltoki txikiak babestu eta bultzatzeko" eta, aldi berean, "tokiko kontsumoa ere bultzatzeko". Kanpaina horren bitartez, kontsumitzaileek 30 euroko erosketa egitean, 20 euro ordaintzen dituzte eta, horrenbestez, 10 euroko deskontua jasotzen dute. Bestetik, herriko saltokietan erosketa eginez, denda edo komertzio txikiei laguntzeko ere balio du.

Bost milioi euro banatuko dira bonuetan EAEn, eta horietatik 1,65 milioi Gipuzkoan. Arrasateren kasuan, herriari egokitutako bonu kopuruari beste 3.000 gehituko zaizkie, Arrasateko Udalak finantzatuta (30.000 euroko aurrekontuarekin).

Modu horretan, merkatariek urriaren 11tik 20ra arte izango dute kanpainara atxikitzeko epea. Herritarrek, halaber, azaroaren 8tik abenduaren 5era erabili ahal izango dituzte bonuak. Informazio gehigarria jasotzeko soporte@bonoconsumo.es edo comercio@camaragipuzkoa.com helbidera idatzi daiteke, baita 943 000 308 telefonora deitu ere.

Merkatariei zuzendutako ikastaroa

Digitalizaziorako bidean, merkatariei zuzenduriko ikastaroa ere eskainiko du Udalak, mugikorrarekin egindako argazkigintza eta bideogintza ardatz izango dituena. Urriaren 23tik azaroaren 22ra egingo dute, Kulturaten, astelehenetik eguaztenera, 14:00etatik 16:00etara –urriak 23, 25, 30 eta azaroak 6, 8, 13, 20 eta 22–.

"Horren bitartez, parte-hartzaileek mugikorra argazkiak ateratzeko tresna gisa ezagutzen, argiztapeneko eta konposizioko oinarrizko irizpideak maneiatzen, argazki saio bat antolatzen eta argazkiak mugikorrarekin editatzen ikasiko dute, baita bideoak egin eta editatzen eta sare sozialen ikusizko joerak ezagutzen ere", azaldu dute.

Izena emateko, esteka hau bete, formacion@fmg.es helbidera idatzi edo 688 86 26 20 / 943 425 557 telefonoetara dei daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak