Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, jardunaldiak egingo dituzte Aita Menni ospitalean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 9a, 13:12

Autozainketa: pazientearen ahalduntzea eta parte-hartzea, osasun mentalean laguntzeko izenpean, ongi etorria, mahai ingurua eta hitzaldia antolatu dituzte biharko.

Nerea Gutierrez Aita Menniko Erizaintzako zuzendariak azaldu duenez, Erizaintzako profesionalen ekarpena nabarmendu nahi dute jardunaldietan; hain justu, "buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen autozainketa eta independentzia sustatzeko duten rol nabarmenari" eman nahi diote balioa. Horretarako, egunerokoan jardunean aritzen diren erizainak izango dira protagonista. "Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak gero eta autonomoagoak izan daitezen lan egitea zertan datzan zehaztuko dute, betiere erizain, mediku, psikologo, monitore, fisioterapeuta, terapeuta okupazional eta abarrekin diziplina anitzeko taldeetan egiten dugun lanaren ikuspegitik".

Hain justu, San Juan de Dios eta Aita Menni ospitaleen 125.urteurreneko ekitaldien barnean sartu dituzte jardunaldi hauek.

Eguneko programa

14:30ean hasiko dira bihar jardunaldiak, eta 15:00etan izango dira lehen hitzartzeak. Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakariak, Nerea Gutierrez Aita Menni ospitaleko Erizaintzako zuzendariak eta Jaione Rodriguez San Juan de Dios ospitaleko Asistentziaren Jarraipenerako kudeatzaileak hartuko dute hitza, baina ez dira bakarrak izango.

Jaione Rodriguez eta Begoña Maestro San Juan de Dios ospitaleko Erizaintzako zuzendariek ere parte hartuko dute, Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen autozainketa sustatzea mahai eztabaidan. Are gehiago, Uxue Lazkanotegi Nafarroako Hermanas Ospitalarias erietxeko Erizaintzako arduradunak ere bere hitzartzea izango du mahai inguru berberean. Eta, azkenik, Sonia Gabilondo San Juan de Dios-eko erizainak loaren ohiturak hobetzeko tailerra eskainiko du.

Jardunaldiei amaiera emateaz, berriz, Isabel Alonso buru osasuneko erizain espezialista eta Arabako Osasun Mentaleko sareko Kudeaketa Sanitarioko unitateko ikuskatzailea, eta Nerea Gutierrez arduratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak