Laguntasuna irudikatu gura izan du aurtengo Maritxu Kajoi eguneko kartelak. "Orainaz gozatzeko momentua. Maritxutan, maite ditugun pertsonez inguratzen gara mahai baten bueltan, eta horrelako momentu sinple baina polita islatu nahi izan dugu gure proposamenean", diote egileek. Halaber, diseinurako txuri-beltzeko argazki bat erabiltzea ere neurtutako erabakia izan da. "Bi lagunen arteko besarkada hori ez da berriro berdin emango, denboran izoztuta dago. Unean unekoa bizitzeko deia egin nahi dugu, maite ditugun pertsonekin eta nahi dugun modura".
Perspektibarekin jolasten
Une bera hiru perspektiba ezberdinetatik ikustea interesgarria iruditu zaiela aitortu dute. "Izan ere, gertaera bat, une bat, era ezberdinetan interpretatu daiteke, bakoitzak berera. Batekin edo bestearekin gehiago identifikatuta sentitu gaitezke eta horren guztiaren lotura interesgarria iruditzen zaigu".
Bi egileen bide profesionalean diseinua oso presente dago, diseinu grafikoa eta web diseinua, alegia. "Beraz, diziplina ondo menperatzen dugu. Gainera, txikitatik ezagutzen dugu elkar; oso konexio ona dugu, eta oso erraz ulertzen dugu elkar", diote.