Domina batekin eta maila txukuna emanda itzuli dira Desorekakoak Kantabriatik

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 9a, 11:16

Judoan, Espainiako Kopa jokatu dute asteburuan Torrelavegan (Kantabria), eta Desoreka klubeko bost judoka aritu dira lehian, infantil mailan. Jokin Hurtadok zilarrezko domina lortu du baina, oro har, taldekide guztiek erakutsi dute maila ona.

Desorekako bost judoka aritu dira asteburuan Espainiako Kopan: Jokin Hurtadok 38 kiloz azpiko elite kategorian parte hartu du; Auritz Llodiok elite kategoriako 60 kiloz azpikoan; Lizar Garmendiak, 46 kiloz azpiko elite mailan; Jare Urrutiak 48 kiloz azpiko elite mailan eta Beñat Ovejerok, promozio mailako 55 kiloz azpiko kategorian.

Lehenengo aldia izan da maila goreneko txapelketa batean parte hartu dutena, adin tarte horretan Espainia mailan dagoen lehiaketarik "garrantzitsuena eta gogorrena" baita, klubeko ordezkarien esanetan. "Desorekako judokek maila izugarria erakutsi zuten, Beñat Ovejerok bi borrokaldi itzel burutu zituen nahiz eta garaipenik ez lortu", nabarmendu dute.

Elite mailan, Desorekako judokek "maisutasunez" pasatu zuten ligaxkaren fasea. Lizar Garmendiak zein Jare Urrutiak hiru borrokaldiak irabazita pasa zuten fase hori eta Jokinek eta Auritzek ere "merituak eginda" pasa zuten fasea. "Kanporaketetan, Lizarrek beste borrokaldi bat ere irabazi zuen eta finalerdietarako pasean galdu zuen borrokaldia, Jare eta Auritzen antzera. Jarek finalerdietarako pasea galdu zuen txapelketa irabazi zuenaren aurka, itzelezko norgehiagoka burutuaz eta wazari batekin galduaz norgehiagoka".

Azkenik, Jokin Hurtadok finala jokatzeko aukera izan zuen. "Bikain ibili zen Arrasateko judoka, eta bigarren postua lortu zuen. Zorionak Jokin eta baita Desorekako kirolariei honelako emaitza eta jarrera paregabea erakusteagatik", adierazi dute klubetik.

Emaitza bikainak

Lortutako emaitzak nabarmentzekoak direla diote klubetik, izan ere, bailara mailan inoiz ez baita horrelako lorpenik egon, "Espainiako Kopan domina bat lortzea eta ranking nazionalean lau kirolari sartzea, hain zuen, maila izugarria dagoen lehiaketa baita". Gaineratu dutenez, talde guztiak "gogor" lan egin behar izan du kirolari talde batzuk ranking nazionalean sartu ahal izateko. "Desoreka judo klubeko kirolariek Arrasateren izena maila gorenera eraman dute eta hau hasiera besterik ez da izan. Espainiako lehen txapelketa izan da kopa eta, zortea lagun badute eta lana orain arte moduan eginda, aurten emaitza ederrak ateratzeko aukerak izango dituzte".

Tatamia hobetzeko eskaera

Desoreka judo klubetik adierazi dute Arrasateko Udalarekin eta beste kirol klubekin elkarlanean ari direla Musakolako tatami gunearen egoera hobetzeko. "Gaur egun ditugun instalakuntzek ez dute bermatzen judoaren praktika egokia, ez segurtasun aldetik ezta espazio aldetik ere. Egoera ez da batere ona eta espero dugu oso epe motzean aldatzea, maila honetan lehiatu ahal izateko azpiegitura egokiak behar dira eta. Udalari eskatu nahi diogu ahalik eta epe motzenean tatami gune berri egoki bat ezartzea, borrokan jarraitu eta lehiaketa munduko erronkei aurre egin ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak