Bidea luzea da, baina ezin hobeto hasi dira

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 6a, 17:30

Iñigo Arizmendiarrieta, Oxel Luengo eta Andoni Etxeberria, Azkoagainen gola ospatzen, lehenengo jardunaldian.

Ligako lehen hiru jardunaldietan Aloña Mendi, Soraluze eta Anaitasuna menderatu eta gero, Gari Nuñezen Mondra Gorengo mailako lehenengo postuan kokatu da. Aitor Azkarate Aiti-rekin egon da GOIENA, taldeko kapitainarekin.

Mondrak lehenbailehen nahi du ekainean galdutako kategoria errekuperatu, alegia, Ohorezko erregional mailara bueltatu. Eta horretarako egin beharreko lanak ondo hasi dituzte. Hiru partidu jokatu dituzte, eta hirurak irabazi. Hala, Mondrako lehenengo taldean 13 denboraldi beteko dituen Aitor Azkaratek garbi dauka Aloña Mendiren kontrako partidua irabazi izana garrantzitsua izan dela bolada onari heltzeko. "Derbia irabazteko motibatuta geunden, eta ondo hastea beti da lagungarri. Gero etorri dira Soraluzeren (2-0) eta Anaitasunaren (2-0) kontrako garaipenak, eta taldea orain konfiantza handiarekin ikusten dut, eta jokalariak oso konprometituta".

Jokalariak konprometituta

Azken hori ez da gauza berria, Azkaratek ondo gogoan duelako iaz zelan amaitu zuten urtea. "Azkeneko postuan geundenean, eta maila galduko genuela jakinda ere, 25 jokalari batzen ginen entrenamendu saioetan. Horrek erakusten zuen zein zen jokalarien konpromiso maila, eta hori ez da aldatu; iazko bloke berdinari eusten diogu". Mondrako kapitainak aitortu du iaz zela futbola uztekoa. "Baina ezin nuen Mondra arantza horrekin utzi, mailaz jaitsita. Beste urtebetez jarraitzeko erabakia hartu dut, eta berriro ere taldea dagokion tokira igotzen lagundu nahiko nuke".

Aurreko postuetan

Azkaratek badaki urte osoan lidergoari eustea ez dela izango erraza. "Baina hor egon behar dugu, lehenengo postutik gertu. Ez da izango erraza, kategoria honetan beti egoten direlako bi edo hiru oilar, eta horrekin batera Antzuolako, Soraluzeko edota Zestoako moduko zelai txikietan irabaztea ez delako erraza; kontrarioak edozein momentutan harrapa zaitzake ezustean. Gure ezaugarriengatik Mojategin ondo moldatzen gara, baina beste zelai horietan ere jokatzen jakin behar dugu, eta puntuak batu".

Intentsitateaz jokatzea

Hori da Gari Nuñez entrenatzaileak eskatzen diena. "Ideia nagusia da atea hutsean mantentzea, horrek gutxienez puntu bat ematen duelako. Eta intentsitatez jokatzeko eskatzen digu, erasoan agresiboak izateko". Hurrengo geltokia Zumaian dute zapatuan, 18:15ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak