Arrasateko Udaleko Berdintasun Sailak urteak daramatza herriko jaien bueltan eman daitezkeen indarkeria matxistei aurre egiteko baliabideak herritarren eskura jartzen eta aurtengoa ere ez da salbuespena izango, Emakume Txokotik azaldu dutenez. "Maritxu Kajoi jaiari begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, euskarri edo askotariko baliabideak plazaratuko ditugu".
Arbolapetako gunea, 18:00etatik 00:00etara
18:00etatik 00:00etara Arbolapetan kokatuko duten Indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea da baliabide horietako bat, "herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko jai eremuan kokatutako informazio gunea", hain zuzen. "Indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira, gerturatu nahi duten emakumeak* eta neskak* zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasotzen", azaldu dute. Horrez gain, Eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea ere egongo da.
Arreta puntua eta telefono zenbaki bat ere bai
Bestetik, Eraso matxisten aurrean arreta eta esku-hartzerako puntua ere izango da Gazte Bulegoan, 00:00etatik 08:00etara. "Jaietan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko nahiz telefono bidezko arreta emozionala zein bide-laguntza eskaintzea du xede arreta puntuak", azaldu dute. Egoerari aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazioa eta aholkularitza ere eskainiko dute.
Azkenik, jaietarako propio sortu duten arreta telefonoa egongo da 18:00etatik 08:00etara. Telefono zenbakia 688 809 137 izango da eta hainbat lekuetan egongo da ikusgarri.