Iturripen, zaleen aurrean jokatu zuen Mondragon Unibertsitateko gizonezkoen talde nagusiak ligako lehen partidua, eta aurten ere lehiatzeko daudela erakutsi zuten. Endesa Liga jokatzen duen Bilbao Basketen bigarren taldea izan zuten aurkari, maila gorenean aritzeko bidea egiten dabiltzan harrobiko jokalariak. Ogi gogorrari hagin zorrotzarekin hozka egitea zegokion marea moreari, eta ideia horrekin kantxaratu zen. Baina minutuak aurrera joan ahala markagailuko abantaila handitzen joan ziren bilbotarrak, jaurtiketetan eta erreboteetan estatistika hobeak lortuta.
Atsedenaldira 28-42 joan ziren. Bigarren zatian itxura hobea eman zuten etxekoek, erabakiak patxadaz hartuz eta euren jokoa egiten saiatuz. Jokaldi ikusgarriak ere utzi zituzten tarteka. Julen Berrocal entrenatzailea nahiko gustura azaldu zen partidu bukaeran: "Fisikoki oso talde indartsua izan dugu aurkari, agian gure estiloari ondo ez datorkiona; baina saskira joaten jarraitu dugu eta bigarren zatian lan ona egin dugula uste dut". Harmailatik babesa eman zieten zaletuei eskerrak eman zizkien, taldea uneoro hauspotzeagatik. Azkenean, 71-85 bukatu zen norgehiagoka, baina porrotarekin baino, pixkanaka hobera egin izanarekin geratu zen Ointxe!.
Lehen maila nazionalekoek, garaipena
Klubeko emakumeen talde nagusia kantxaratu zen jarraian, ligako lehen partidua jokatzeko baita ere. Iñaki Ogaranek zuzentzen dituen jokalariek irabaztea lortu zuten Claret Askartzaren kontra, 66-57.
1. maila nazionala 🏀⛹️♀️
— Ointxe! Saskibaloia (@Ointxe) October 1, 2023
Garaipenarekin hasi du Arriren taldeak liga, arerio sendoaren aurka🔥💯@munibertsitatea Ointxe! 66 ▶️ 57 @ClaretAskartza
Nerea Uribarrenek debuta eta saskiratzea 💪#ointxeneskak #neskenproiektua #LanDaLan 🔴😈 pic.twitter.com/oF3bVJ6Ct2