Taldeko entrenatzaileetako bat den Erik Cuevasek partiduaren balorazioa egin dio GOIENAri: "Indartsu hasi dira, berehala bi entsegu egin dizkigute. Guri asko kostatu zaigu gora etortzea eta horrek baldintzatu du partidu osoa. Euren menpe ibili gara ia partidu osoan. Lehen zatiaren amaieran entsegua egitekotan egon gara baina ez da posible izan. Lehen partidua da, eta asko dugu hobetzeko".
Gorengoen multzoan sartzea helburu
Hobetzekoen artean, honako hau azpimarratu du Cuevasek: "Gaurkoan psikologikoa ere izan da; esku-frenoarekin irten gara. Entrenamenduetan ikusten dena ez dugu partiduan ikusi. Oso ondo ari dira entrenatzen eta horrek izango du isla partiduetan".
Ligara begira gorengoen multzoan sartzea izango da helburu nagusia, Cuevasen arabera. "Hamabi talde gara eta itzuli bat egingo dugu denon aurka. Gero, bigarren itzulirako bi multzo egingo dira, eta goikoekin egotea nahi dugu".
Bero itogarria
Partiduko protagonista ukaezina, bestalde, beroa izan da. 13:00etan hasi da partidua, eguneko ordurik beroenetan –eguraldi iragarpenetan ere bazetorren bero sapa egin behar zuela–, eta ez zen giro errugbian egiteko. Birritan ureztatu dute zelaia baina ez da nahikoa izan.