Aste osoan zehar hainbat jarduera eta tailer egin ostean gaur dute festa giroko ekintza nagusia Arrasateko adineko pertsonek. Arrasateko Nagusien Kontseiluak (ANAKON) antolatuta Joselu Anaien kontzertua, eta Orioko parrilleroek prestatutako hegaluze pintxoak daude plazan.
Aldarrikapen garrantzitsuak
Festa eguna da Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna, baina aldarrikapen eguna ere bai. Hala, manifestu bat irakurtzea izan da eguneko lehen ekintza. ANAKON elkarteko Pili Iriartek eta Margari Gorrotxategik irakurri dute. Adineko pertsonen zentraltasuna, eta bizi-kalitatea aldarrikatu dituzte eta eskatu dituzte zaintza sistema duina eta "guztiok babestuko gaituen osasun-sistema... Azken batean, bigarren mailako herritar gisa tratatzen ez gaituen sistema". Horrekin batera ziurtatu dute ANAKON elkartetik adinekoen eskubideen eta ongizatearen alde lan egiten jarraituko dutela zeregin hori funtsezkoa delako udal eta komunitate mailan. Beste bost puntu ere aldarrikatu dituzte. Hitzez hitz honela dio manifestuak:
- Beharrezkoa da adinekoen autonomia, parte-hartzea eta protagonismoa sustatzea prozesu eta erabaki guztietan, are gehiago zuzenean eragiten digutenetan.
- Hartzen ditugun erabakiak errespetatzea eta zalantzan ez jartzea eskatzen dugu. Errespetuz eta duintasunez trata gaitzatela nahi dugu, eta zainketen etika normalizatzea.
- Pentsiodun gisa ditugun eskubideei eta horiek eskuratzeko moduari buruzko informazio instituzional egiazkoa eta osoa izatea eskatzen dugu.
- Gure kezka adierazi nahi dugu klima-aldaketaren errealitatearen aurrean, adinekoak talde zaurgarria baikara eta aldaketaren eragile aktibo izatea aldarrikatzen dugu.
- Osasun-zerbitzuaren murrizketa eta itxaron-zerrenda luzeak salatzen ditugu, gure osasuna zaintzea ezinezkoa egiten baitute. Horregatik, Osakidetzari, Euskal Osasun Zerbitzuari, eskatzen diogu behar diren baliabide publiko guztiak aktiba ditzala, patologien prebentzioa eta detekzioa ahalbidetzeko.
Elkarteei, Udalari eta gainontzeko erakundeei dei egin diete manifestuarekin bat egin eta elkarrekin lan egitera, "Arrasate inklusiboagoa, irisgarriagoa eta lagunkoiagoa lortzeko, non pertsona guztiok bizitza betea izan dezagun".
Irrintzi eder batekin eman diote amaiera manifestuaren irakurketari.