Diana batekin ekin zioten egunari, txalaparta hotsak lau haizetara zabalduz Goikobalutik, San Kristobaletik eta Altamiratik: "Esan digute hainbat lekutatik entzun direla txalaparta hotsak. Ondoren, 12:00etan, Herriko plazan elkartu gara eta txalaparta tailerra eskaini dugu gerturatu diren herritarrentzat. Hurbildu direnen artean egon da jendea bere garaian Ttakun-en ibili arren aspaldi ez zuela txalaparta jotzen, eta une bereziak bizi izan ditugu. 13:00etan sei irrintzilari izan ditugu, eta erakustaldi ederra eman dute txalapartariekin batera".
Irrintzien ostean 30 bat lagun elkartu ziren bazkaltzeko: "Jendea etorri da Faltzesetik, Iruñetik, Algortatik eta Hernanitik; gainerakoak arrasatearrak izan gara". Arratsaldean Taupa, Iluntz eta Irati tabernetan eta Arbolapetan egin zituzten txalaparta erakustaldiak eta eguna borobiltzeko Kimu taldeko txalapartari profesionalek erakustaldi ederra eman zuten Herriko plazan.
Balorazio oso positiboa egin dute Ttakunekoek: "Belaunaldi ezberdinetako txalapartariak elkartzea lortu dugu eta hori zen gaurko [atzoko] helburua. Amaitutzat ematen ditugu 30. urteurreneko ospakizunak; Udalatxen egon ginen, sagardotegira joan ginen, ikastaro berezi bat eman genuen eta, gainera, kamiseta mordoa saldu ditugu. Oso pozik gaude".