Elorrioren kontra dute lehen azterketa, bihar

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 29a, 15:07

Arrasate Rugby Taldeak gaur, egubakoitza, aurkeztuko ditu kategoria guztietako jokalariak Seber Altuben (18:00). Bihar, berriz, senior mailako mutilek ligako lehenengo partidua jokatuko dute iaz liga irabazi zuen Elorrioren kontra. Domekan emakumezkoen txanda izango da, Gaztedi hartuko dute Mojategin (12:00).

Hastera doa Euskadiko Txapelketa, eta arrasateko senior mailako mutilak gertu daude. "Hasteko gogoz gaude, nahiz eta denboraldiaurreko azken aste hauek ez diren oso onak izan guretako, hainbat jokalarik min hartu dute eta. Jokin Dolara, Alex Arzamendi, Maikel, Georgi... Ebakuntza egiteko zain daude, eta horiek ez dira albiste onak ekarpen handia egiten duten jokalariak direlako. Horrekin batera, Beñat Salaberrik errugbia utzi du, eta esperientzia horren garrantzitsua den kirol jarduera honetan halako hutsuneak igarri egiten dira. Hori esanda, baina, talde ona dugu, eta halako gorabeherak bestelako taldeetan ere izaten dira. Horrenbestez, liga hasteko gogoz gaude, eta non gauden ikusteko", dio Julen Barrutia entrenatzaileak.

Iaz Euskadiko Txapelketa bi multzotan banatu zuten, eta arrasatearrak jaitsiera fasera joan baziren ere, talde horretako onenak izan ziren. "Esan genezake seigarren postuan amaitu genuela denboraldia. Aurten denok egongo gara multzo berberean, 10 talde guztira, eta 18 jardunaldi jokatuko ditugu. Ea non egoteko gai garen.

Iazko txapelduna aurrean

Bada, liga hasiera ez dute kontrario makal baten kontra. "Elorrio iazko liga txapelduna da, urtero oso jokalari onak izaten dituzte. Herrian ere errugbiarekiko kultura handia dute, eta hori gero igarri egiten da taldean; guretako derbia da. Beti izan dugu eurekin pike oso sanoa, 18 eta 16 urtez azpiko taldeak eurekin batera atera ditugu; alegia, klub mailan harreman oso onak ditugu, baina bai, zelaian ez dugu oparirik egingo". Bada, seniorrek ligan berdegune berria ofizialki estreinatuko duten partidua 16:30ean hasiko dute.

Emakumezkoek, Gaztediren kontra, domekan

Senior mailako Arrasateko eta Eibarko neskek bigarren urtez elkarrekin batera osatuko dute taldea, eta horiek ere domekan hasiko dute liga (13:00, Mojategi). Gaztedikoak izango dituzte lehen jardunaldian aurrean, eta etxekoek beste aurrerapauso bat emateko helburuarekin hasiko dute liga: "Emakumezkoena talde gaztea da, baina horiek ere poliki-poliki badoaz esperientzia batzen. Iaz hiru partidu irabazi zituzten, eta garaipen horiek balio handia izan zuten. Izan ere, euren kategoria bitan zatituta egon zen eta arrasatearrei goiko multzoan jokatzea egokitu zitzaien. Hau da, kontrario gogorrak izan zituzten. Aurten, berriz, bi multzoak bateratu egin dituzte, alegia, 12-14 taldetako liga izango da, eta hor talde batzuekin indarrak parekatuago izango dituzte'', dio Barrutiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak