Adineko pertsonak dira protagonista nagusiak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 29a, 13:00

Atzo, bi ibilaldi egin zituzten egunean zehar. Argazkia: Aitor Agiriano

Arrasateko Nagusien kontseiluak antolatuta Pertsona Nagusien astea ospatzen ari dira, eta astelehenetik domekara arte egitarau zabala dute. Helburua, beti bezala, nagusiak erdigunean jarri eta gizartearen parte izaten jarraitzen dutela plazaratzea

Pertsona Nagusien Astea azken txanpan sartzera doa, baina orain artekoa ere aste oparoa eta mugitua izan dute. Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, astelehenetik ekintza ugarirekin ostatu dute egitaraua, eta Pili Iriarte Arrasateko Nagusien Kontseiluko presidentea "harrituta" gelditu da herriak eman duen erantzunarekin. "Arrasatearren erantzuna ikaragarria izan da. Ekintza denetan jende asko ibili da", dio Uriartek. Parte-hartzearen erakusgarri da Kaittin Allenderen bakarrizketa saioa lepo bete zela, edo Bastida akademiako Sartei tabernan egindako ardo eta urdaiazpiko dastaketan jendea kanpoan gelditu zela.

Aipatzeko beste ekintzen artean, Abaroa abesbatzaren emanaldia, Imanol Kerejetaren Acumular experiencia hitzaldia, Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik herriko leku enblematikoak ezagutzeko ibilaldia, edo Iñaki Peña medikuaren La ética de los cuidados hitzaldia.

Nagusiak erdigunean

Urriaren 1ean ospatuko da Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, eta hain zuzen aste berezi honek adinekoak erdigunean jartzea du helburu. Atzo, Sasoibidek antolatuta, ibilaldiak egin zituzten Arrasaten, adinekoak ere "gizartearen parte" direla esateko eta "bizirik" daudela erakusteko. "Asko daukagu gizarteari emateko, eta gai gara gauzak antolatzeko ere. Ikusi besterik ez dago aste hau", dio Margari Gorrotxategi Sasoibideko kideak. Bastida akademiako Xabi Arnaizen ustetan, pertsona nagusien "jakinduria" aprobetxatu beharra dago, eta eurei "tresnak" eman beharra dago gauzak antolatzen jarraitzeko, horretarako "gai" direlako.

Domekara arteko egitaraua

Astelehenean hasi zuten arren Nagusien Astea, domekara bitartean luzatuko dute egitaraua. Gaur bertan, Iturbideko egoiliarrekin paseoa egingo dute, 11:00etan hasita, Arizmendi Ikastolak eta Sasoibidek antolatuta, eta arratsaldea girotzeko, bestalde, guatekea egongo da Biteri plazan, 18:30ean hasita. Zapatuan, ipar martxa egingo dute Arrasatetik Elorregira, 10:00etan Biteri plazatik abiatuta, eta arratsaldean, berriz, mariatxiez gozatzeko aukera egongo da, Seber Altube plazan (19:00), Duo Imperial taldearen eskutik. Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunarekin borobilduko dute egitaraua, domekan. Hala, ohi moduan, manifestua irakurriko dute Herriko Plazan, 12:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak