Musika eta arte eszenikoak gazte eta nerabeei gerturatzea eta gazteak ikuskizunen parte aktibo izatea bilatzen du Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak. Aldundiak gidatzen du hainbat udal eta eragilerekin elkarlanean, eta Arrasate behin baino gehiagotan izan du geraleku. 16 eta 25 urte arteko publikoa erakarri nahian, ez da kasualitatea kontzertua Monterron parkean izatea, "gazteek bere sentitzen duten espazio zabal eta naturaz inguratua delako", Arrasateko Udaletik adierazi duten moduan.
Egungo doinuak
Hori horrela, zapatuan, hilak 30, 19:30ean hasiko dira zuzenekoak. Protagonistetako bat Aretxabaletan sortutako Nhil taldea izango da; Debagoienean makina bat kontzertu eman dituzte dagoeneko, maila txukuneko musikariak direla erakutsiz. Haien sorkuntza pop estiloaren bueltan oinarritzen da, Mirua taldearena bezala. Gipuzkoar banda horrek musika elektronikoa eta indie esperimentala uztartzeko duen trebezia zeresana ematen ari da tokiko eszenan, adibide moduan 2021eko Gaztea maketa-lehiaketa irabazi izana. Gainera, jaialdiko hirugarren gonbidatuarekin, Kiliko Frexkorekin, kolaborazio bat egina dute Basakabi abestian. Chill Mafiako liderra da Kiliki, eta azkenaldian gustua hartu dio beste talde batzuekin elkarlanak egiteari, bere zigilu propioa, rave eta sound system-a, albo batera utzi gabe.
Eguraldi txarra eginez gero, Mirua eta Nhil taldearen kontzertuak Juan Arzamendi Musika Etxeko Auditoriumera lekualdatuko dira, eta DJ Kiliki Frexkorena, Biteri plazara.