Azaldu dutenez, "euskal hiritargoaren ongizatea bermatzeko eta gorenera eramateko tresnarik eraginkorrena dela sinesten duten" milaka emakume eta gizon, gazte zein nagusi, batu ziren domekako Alderdi Egunean. "Familiak, kuadrillak, alderdikideak, alderdizaleak eta aurten beste nazioetako lagunak ere elkartu zituen festak, garai politiko esanguratsuak bizi ditugun honetan. Epe laburrera, Madrilgo Gobernua eratzeko negoziaketez gain, legealdiaren amaiera izango dugu Euskadin, datorren udaberrian euskal hauteskundeak izango baititugu. EAJ euskal gizartearen aurrean aurkeztuko da apaltasun osoz, baina bere konfiantza berriz ere eskatzeko anbizioarekin ere, herri hau lideratzen jarraitzeko eta Euskadi, egunez egun, elkarrekin bizitzeko gero eta toki hobea egiten jarraitzeko", azaldu dute jeltzaleek.
Arrasateko EAJko kideek adierazi dute dagoeneko 2024ko jaian pentsatzen ari direla. Edozelan ere, urte osoko lana "gogoz" egingo dutela nabarmendu dute, "beti bezala, Arrasaterentzat eta arrasatearrentzat".