Urduritasuna nagusi izan da lehenengo bi laurdenetan arrasatearrentzat, ez baitute lortu haien jokoa kantxan islatzea. Jakin bazekiten Easoren aurkakoa partida gogorra izango zela, eta donostiarrek, inork zalantzarik balu, argi utzi dute aurreneko hogei minutuetan gauzak zail jartzeko asmoz zetozela Iturripera. Hamahiru puntuko errentarekin iritsi dira atsedenaldira donostiarrak, eta emaitza horrek, birtualki bazen ere, lauko finaletik kanpo utziko luke Arrasateko taldea.
Atsedenaldiko minutu horiek, baina, nahikoa izan dira Iñaki Ogararen neskek alde handi horri buelta emateko. Defentsa gogorra, konfiantza eta eraginkortasuna erakutsi dute hirugarren laurdenean eta, hamahiru puntugatik galtzen izatetik hamar puntu goitik izatera igaro dira. Azkenengo laurdenean estutu egin du kanpoko taldeak, baina arrasatearren defentsako lanak ez die utzi donostiarrei markagailua iraultzen. Azkenean, 65 eta 59 irabazi dute Mondragon Unibertsitateko neskek eta hiru aste barru jokatuko den lauko finalean izango dira.