Euskal Kopako finalera sailkatzea dute jokoan domekan

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 22a, 21:00

Mazarredo taldearen kontrako partiduko irudia, iazko denboraldian.

Mondragon Unibertsitateko neskek Easoren kontra jokatuko dute domekan (18:00, Iturripe) Euskal Kopako kanporaketa partidua. Joan den asteko garaipenak hauspotuta, arrasatearrek Lauko Finalera sailkatu nahi dute.

Bigarren astez jarraian MUko nazional mailako neskek etxean jokatuko dute domekan. Joan den astean Iñaki Ogararen neskek Lointek Gernika kanpoan utzi zuten (63-33), eta orain Easo talde donostiarra dute begiz jota. "Ez da kontrario batere erraza izango, horiek IDKrekin hitzarmena dute, eta modu sinplean esanda, euren bigarren taldea da. Oso talde sendoa da, baina Euskal Kopan ilusioarekin gabiltza, eta txapelketa honetan aurrera egin nahi dugu, urriaren 12an jokatuko duten Lauko Finalean egon nahi dugu. Gainera, asteburuko kanporaketa puntu diferentzia handienarekin gainditzen duenak aukera izango du Lauko Finala bere etxean antolatzeko".

Senior mailan beste talde bat

Aurtengo denboraldira begira berritasunetako bat da Ointxe!-k bigarren talde bat izango duela emakumezkoen senior mailan. "Uste dugu hutsune garrantzitsua beteko dugula talde horrekin. Kontua da maila nazionala oso zorrotza dela, esfortzua eskatzen du jokalariaren partetik, astean lau entrenamendu egiten ditugulako, partiduak jokatzera urrun joaten garelako, egia da kategoria gogorra dela... Eta, gertatzen zaiguna da, jokalari batzuk unibertsitatera joaten direnean ezin diotela eutsi exijentzia maila horri, erre egiten dira, normala den moduan.

Hori horrela, senior mailako bigarren taldeak aukera emango die saskibaloian jarraitzeko". Izan ere, bigarren talde horretan zorroztasun maila ez da horren handia izango. "Entrenamenduak astean hirutan egingo ditugu, partiduak ere lurralde barruan jokatuko ditugu... Bigarren talde hori ere serio ibiliko da, baina bai, maila nazionalekoarekin alderatuta beste erritmo bat izango du". Horrekin batera, Arrik azpimarratu du junior mailako jokalariak maila nazionalera zuzen joan beharrean tarteko kategoria bat izango dutela zailtzeko. "Konturatu ginen 12 jokalari inguruko taldea geneukala eta, hori horrela, bigarren taldearen aldeko apustua egin dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak