Argitaratu bako abestiez iskanbila osatuko dute

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 22a, 18:00

Iskanbilaren disko berria grabatu duten Jonny, Gotzon, Jabo, Iban eta Lapo.

Arrasateko Iskanbila punk oi! musika taldearen itzulera ez da kontzertu batzuetara mugatu, irailean estudioan sartu dira-eta. Duela 25 urte grabatu gabe geratu ziren abestiak errekuperatu nahi izan dituzte Bizimodu baten historia lanean.

Iskanbila taldearen itzulera ostera ere oholtzara igo eta kontzertu apur batzuk emateko baino gehiagorako izan da. Irailean bi asteburutan disko berria grabatzen egon izanak erakusten du hori. Bizimodu baten historia izeneko lana Durangoko azokarako gertu izan nahi dute, Xabi Lasagabaster Lapo-k aitortu moduan: "Plataforma digitaletan zintzilikatuko dugu diskoa, eta CD apur batzuk aterako baditugu ere asmoa da biniloak ateratzea, gaur egun arrakasta handiagoa dute".

Bederatzi abestiko diskoa

Arrasatearrak gustura geratu dira bederatzi abestiz osatutako lana grabatuta, eta batek baino gehiagok arnasa hartuko zuen, aspaldi egin nahi zuten proiektua zelako. Hain zuzen, duela 25 urte Jaio... ta hil diskoa grabatu zutenean kanpoan geratu ziren abestiekin osatu dute diskoa. "Disko hau grabatzea izan da Iskanbila itzuli izanaren motibo nagusia. Urtero ibiltzen ginen kontu berberari bueltak ematen, pena zela abesti haiek grabatu ez izana eta berandu baino lehen grabatu behar genituela, behingoagatik jasota geratu behar zirela", dio Lapo-k.

Hala, lehenengo kontzertu batzuk ematea erabaki zuten, gaur egun disko bat grabatzeko dirua aurreratu behar delako. "Gauzak aldatu egin dira urte hauetan, lehen diskoa grabatzeagatik ez zenuen ordaintzen, diskoetxearekin egindako tratua zegoen tartean, baina gaur egun ez dago halakorik. Hala, diru apur bat batzeko kontzertu batzuk eman genituen uda aurretik, eta irailerako eta urrirako ere hasi zaigu emanaldiekin agenda betetzen".

Estudioan, gustura

Arrasatekoak gustura ibili dira estudioan. "Oraindik ez dugu emaitza ikusi, orain nahasketak eta halakoak egitea falta da, baina emaitzarekin gustura geratu gara. Oso eroso egon gara, Iruñeko Sounds of Sirens estudioko lagunekin grabatu dugu, eta ederto hartu gaituzte", dio Lapo-k. Lanak, berriz, Tae Records-en zigilua izango du. Bada, Lapo-k dio segituan antzematen dela Iskanbilaren lan bat dela. "Igartzen da gitarra gehiago nabarmentzen dela, Pistolo –Jon Lasagabaster– dagoela atzean; aberatsagoa da zentzu horretan".

Letrei dagokienez, sarritan arriskutsua izaten da duela 25 urte idatzitako abestiak grabatzea, "Baina ez dira zaharkituta geratu. Gure artean ere egin dugu horretaz berba, zorionez edo zoritxarrez, ematen du gaur egun idatzitakoak direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak