Debagoienako garraio publikoaren egoera salatu dute bailarako hainbat alkatek

Julen Murua Mesonero 2023ko ira. 20a, 15:24

Elorregiko autobus geltokia.

Maider Morrasek, Arrasateko alkateak, bailarako beste alkate batzuekin batera, Debagoieneko autobus zerbitzuen egoera salatu du Batzar Nagusien atarian.

Morrasek adierazi du ez duela ospe onik "Avanza enpresak Debagoienan eskaintzen duen zerbitzuak" eta, zerbitzu horiek hobetzeko "neurriak hartzea" eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bailaran herriz herri mugitzeko aukera bakarra da autobusa, eta "Mugi txartelak autobusaren erabilera sustatzen" lagundu duen arren, alkateak adierazi du horrek ekarri duela "zerbitzuaren kalitatea kaskartzea, erabiltzaile hazkunde honi ez zaiolako lagundu maiztasuna areagotuz".

Autobus zerbitzuaren egoera txarra erakusten duten adibideak izendatu ditu Morrasek, hala nola, "autobus geltoki batzuetan ez gelditzea gainezka doazelako autobusak, matxurak edo aire giroturik ez izatea". Gainera, dio honek guztiak "erabiltzaileen haserrea eta garraio publikoarekiko mesfidantza" sortzen duela. 

Honi guztiari konponbidea aurkitzeko "Aldunditik keinu txikiak" ikusi dituztela aitortu du Morrasek, baina, era berean, keinuak baino "egiturazko arazo honi aurre egingo dioten neurri ausartak" behar dituztela adierazi du.

Mugikortasun sailaren erantzuna

Mugikortasuneko Foru Departamentutik argitu dute ez dela alkaterik haiekin harremanetan jarri "horretarako ezarritako bideen bidez. Hori harrigarria da, noski. Batez ere egoera sinetsarazten nahi duten bezain negatiboa bada. Eta politikan logikoena da organo eskudunari gorabehera edo behar jakin baten ezaugarriak jakinaraztea, datu zehatzak emanez, eta ez daturik gabe prentsan salatuz".

Ez dela jarduteko modu egokia azaldu dute Departamentutik. "Eta ez du betetzen erakundeen arteko erantzukizunaren printzipiorik. Gure ustez, herritarrek beren kargu publikoekiko zorroztasun profesionala espero dute beren arazoak konpontzeko orduan, eta biderik egoki eta eraginkorrenak ez du inolako loturarik organo eskudunarekin konponbiderik bilatu gabe komunikabideetara jotzearekin, eta hori ez dago jasota gaur egun hobekuntzak eskatzen dituztenen jarduketetan".

Gehiago esan dute. "Departumentu honetako egungo lantaldeak jardunean daraman aldian, udal-eskaera guzti-guztiei interes eta ahalegin handiz erantzun zaie, ezin bestela izan, nahiz eta Debagoieneko alkatetza interesatuek ez duten inolako bilera-eskaerarik egin inolako gairi buruz. Gure ustez, udal webgune batek ez dirudi hobekuntzak eskatzeko modurik egokiena, are gehiago suposatuz udal buruek Lurraldebusek eskaintzen dituen komunikazio-kanalak ezagutu beharko lituzketela, Gipuzkoako gainerako alkateek egiten duten bezala. Behar izanez gero, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik prest gaude prozesu horiek bide egokiak erabiliz egiteko behar den informazioa emateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak