XXIII. mendean kokatuta eta euskaldunak nagusi diren unibertsoan oinarrituta dagoen Mikel Alvarezek (Beasain, 1982) idatzi duen Euskalia, zientzia fikziozko "lan dibertigarri eta umoretsuari" buruzko solasaldiarekin estreinatuko dute Arotz letrak izeneko zikloa, urriaren 4an, 19:00etan.
Etxarte eta Jimenez, ondoren
Idazleak lagun, abendua bitartean, hiru literatura solasaldi egingo dituzte Irati Topagunean: Hedoi Etxarte urriaren 25erako gonbidatu dute eta Sortaldekoak olerki liburua aurkeztuko du, eta baita hainbat poema errezitatu ere; azaroaren 22an, berriz, Irati Jimenez Bizkaiko idazlea izango da protagonista Begiak zabalduko zaizkizue saiakerari zukua ateratzeko asmoz.
Aurreko aldietan egin izan dituzten askotariko gaiei buruzko hitzaldi sortak moduan, literaturari buruzkoak ere euskaraz izango dira eta herritar guztientzako daude zabalik.