Eskuter hotsak hartu du Arrasate hamaikagarrenez

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 16a, 14:48

Mondraueko Dragoiak Scooter Taldeak hamaikagarren aldiz antolatu du Mondrally topaketa. Atzo arratsaldean kontzertuak egin zituzten Irati tabernan eta, gaur goizean, berriz, 50 moto inguru elkartu dira herriko plazan eta ondoren, urtero egin ohi duten bezala, 40 kilometro inguruko irteerari eman diote hasiera. 80 lagun elkartuko dira Arrasateko Larrinetxe jatetxean egingo duten bazkarian eta eguna biribiltzeko, Punky Reggae Party bat egongo da DAT tabernan hainbat DJrekin.

Mondrally topaketa egiten ari dira gaur Arrasaten eta goizean 50 bat eskuter klasiko bertatik bertara ikusteko aukera izan dute herriko plazara hurbildu direnek. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorri dira eskuterzaleak –Donostia, Bilbo, Gasteiz edota Azpeititik, besteak beste–, baina antolatzaileek adierazi dute espainiar estatutik ere etortzen direla eta aurten ere Galiziatik, Kataluniatik, Madrildik edota Valentziatik ere etorri direla.

Irteera eta bazkaria

Urtero egin ohi duten bezala, bailarako eta inguruko paisaiak ikusteko 40 kilometro inguruko ibilbidea egin dute. 12:30 aldera atera dira Arrasatetik Kanpanzar aldera, handik Elgetarako bidea hartu dute eta ondoren, Eibar, Soraluze eta Bergara zeharkatu dituzte, berriro ere, Arrasatera iristeko. Urtzi Madinabeitia Mondraueko Dragoiak Scooter Taldeko kideak adierazi du, urtero saiatzen direla Euskal Herriko paisaiak eta leku ezberdinak parte-hartzaileei erakusten.

Ibilbidea amaituta, Arrasateko Larrinetxe jatetxean elkartuko dira 80 lagun bazkaltzeko eta Madinabeitiak azaldu duenez, jatetxe guztia beteko dute: "50 pertsonendako lekua hartu genuen hasiera batean Larrinetxen, baina ikusi genuen eskaria handitzen ari zela eta azkenean, uste dut Larrinetxe guztia guretzako izango dela".

Atzo arratsaldean eman zioten hasiera Mondrally topaketari Irati tabernan Hankaz Gora taldearen kontzertuarekin. Gaurko egunak ere izango du musikatik, 20:30ean DAT tabernan Punky Reggae Party egongo delako Naken selektor, Crackzoria eta Sir Gorka DJekin.

Familia osatu dute

Egunerokotasunean egon ezin duten lagun horiekin egoteko aukera ematen du Mondrally-k, eta arrazoi hori dela eta etortzen dira Arrasatera duela urte batzutatik Ana Mari Zaragozatik edota Adrian Terrasatik. Zaragozarrak dio familia sortzen dela horrelako topaketetan: "Rallyetan egiten dugu elkarrekin topo. Horrelako ekintzengatik izango ez balitz, batzuk ez nituzke sekula ikusiko. Aukeratutako familia da. Egun hau batera pasatzea, eta adizioa elkarbanatzea ederra da".

Katalanak ere familia giro hori nabarmendu du, elkar asko ezagutu ez arren, oso ondo pasatzen baitute.

Hamaika urtetako lana

Hamaikagarren edizioa egin dute aurten eta Madinabeitiak gogoan du aurreneko urtea: "Lehenengo urtean lau joan ginen. Arrasateko scooter taldekoak garen lauk eskuterrak geneuzkan, eta buelta bat egin eta bazkaldu egin genuen. Hainbeste gustatu zitzaigun, zabaldu eta jendea animatu genuela. Hasieran inguruko herrietatik etortzen ziren, baina poliki-poliki hasi zen topaketa hau Espainia mailan ezagutarazten Espainia mailan eta jende asko mugitzen da".

Egitaraua topaketak, bazkariak eta musikak osatzen badute ere, aurrez lana dagoela aitortu du Madinabeitiak: "Bilera asko egiten dira, dena antolatu behar baita: aseguruak, lua, data, jateko tokia, taldea, ibilbidea... Ondo pentsatu beharreko gauzak dira".

Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie etorri diren guztiei eta, gutxienez, beste horrenbeste urtetan egun hau ospatzen jarraitzea espero du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak