Arrasateko Bibliotekak antolatuta literatura solasaldiak egingo dituzte urritik maiatzera bitartean. Urriaren 19an hasiko dute, Pier Paolo Pasoliniren Kale gorriko umeak liburuarekin. Hilero izango dute hitzordua aurrez irakurritako liburuez hitz egiteko. Solasaldietan parte hartu nahi duenak aurrez eman behar du izena: irailaren 18tik 23ra bitartean.
Saioak eguenetan izango dira, hilean behin, 18:00etatik 20:00etara, eta Alex Gurrutxaga izango da solasaldia gidatuko duena. Dagoeneko zehaztuta dituzte ikasturtean zehar irakurriko dituzten liburuak: Natasha; Poema liburu bat; Lerro etena; Beirazko kanpaia; Lurraz beste; Bihurguneko nasa; Ura saltoka, eta Basa. Solasaldiek aukera ematen dute egile eta estilo literario desberdinak ezagutzeko.