Irailaren 23an, zapatuan, ospatuko da Mondranbike bizikleta martxa. J.M. Arizmendiarrieta plazatik irtengo dira bertan izena eman dutenak, eta hiru ibilbide ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.
Mikel Bergarak, antolakuntzako kide batek, adierazi du ez dela aurrez erabaki beharko hiru ibilbidetako zeinetan arituko den bakoitza: "Martxan bertan erabakitzeko aukera izango dute hiruetako zeinetan aritu nahi duten. Ibilbideko puntu batzuetan elkartuko dira, baina norberaren erresistentzia mailaren, momentuko egoeraren edo maila teknikoaren arabera erabaki beharko dute bide bat edo beste bat hartuko duten".
Helburua "gainontzeko txirrindulariekin ez lehiatzea, baizik eta norberak erronka bere buruarekin ezartzea" dela ere nabarmendu nahi izan du Bergarak. Ibilbidearen luzera mailak baldintzatuko du haren gogortasuna eta teknikoki izango duen zailtasun maila; beraz, norberaren indarrak eta abileziak eragingo du zein ibilbidetan arituko den.
Martxan zehar anoa puntuak izango direla ere adierazi du antolakuntzako kideak.
Urteroko harreraren esperoan
Oraindik muga gisa ezarrita duten 300 izen-emateetara iritsi ez badira ere, Bergarak dio "urtero izandako harrera ona" izatea espero dutela. Txirrindulari asko batzen dituen martxa izaten da eta "estilo berezi bat markatuta" duela adierazi du antolakuntzako kideak.
Izen-emateak irekita
Mondranbike bizikleta martxan parte hartzeko izen-emate epeak zabalik jarraituko du irailaren 21a arte. Izena emateko modu bakarra Kirolprobak bitartez izango da: www.kirolprobak. com. Federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dute; ez daudenek, berriz, 20 euro. Antolakuntzak gogorarazi nahi izan du "ibilbideko markaketa minimoa" izango dela eta, beraz, "txirrindulari bakoitzak GPSa –edo tracka– eramatea derrigorrezkoa" izango dela. Parte-hartzaile bakoitzak helbide elektronikora bidalitako mezu baten bitartez jasoko du ibilbidearen tracka irailaren 21ean.
Mondranbike martxako ibilbideak
Hiru ibilbide ezberdinez osatuta egongo da martxa: motza (34 kilometro eta 1.000 metro desnibel); luzea (39 km eta 1.400 m) eta extrem (42 km eta 1.700 m). Norberak, egunean bertan, erabaki beharko du hiruretako zeinetan arituko den.