Eguaztenean abiatu eta domeka bitartean egingo duten Getxo Folk jaialdirako bidean Arrasaten geltokia egingo du Suediako Baskery hirukoteak Oreixe Akustikoak zikloaren bigarren asteburua zabaltzeko. "Hiru ahizpa dira: kontrabaxuarekin bat; gitarrarekin, bestea, eta hirugarrenak banjoa eta perkusioa jotzen ditu. Folk, blues, country eta rock estiloen nahasketa egiten dute eta ahotsekin sekulako armonia politak sortzen dituzte. Taldekideak toki ezberdinetan bizi dira eta ez dute askorik jotzen ezta azkenaldian diskorik atera ere. Aspalditik genuen Arrasatera ekartzeko gogoa, eta Getxoko jaialdira datozela jakin genuenean gurera etortzeko proposamena egin eta proposamena onartuta, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean izango dira gaur, 19:30ean", azaldu du Arrasateko Udaleko Kultura teknikari Karmelo Alberdik.
Baskery hirukotea eta Verde Prato, eta Sofia Comas bakarlariak, Arrasaten
Zapatuan, Verde Prato
Verde Prato da zapaturako gonbidatu duten artista. Serpiente eta Mazmorras taldeetan jardun ondoren, 2019an abiatu zuen bakarkako ibilbidea; harrezkero, bi lan argitaratu ditu tradizioa eta modernitatea nahasten dituen kantuekin. "Kontzertu esperimental labur bat egitea proposatu zidan Joan Mancisidor musikariak eta gau bakarrerako izango zela pentsatuz egin nuen froga hori eta pixkanaka kontzertuak ateratzen hasi zitzaizkidan eta hala jarraitzen dut. Folketik eta beste iturri batzuetatik edaten dut eta elektronikarekin eta gaur egungo bestelako musika estiloen arteko nahasketa da, nolabait definitzearren, egiten dudana. Teklatua, looper-a eta beste tresna elektroniko batzuk lagun, bakarrik izango naiz taularen gainean. Publikoari dagokionez, zale bakoitzak bere modura hartzen duela esango nuke; lasai, eserita batzuk, eta dantzan beste batzuk", azaldu du Verde Pratok Arrasate Irratian.
Sofia Comas, domekan
Egitaraua borobiltzeko, musika eta dantza uztartzen dituen Sofia Comas Madrilgo artista gon- bidatu dutela dio Alberdik: "Verde Pratoren estilotik nahiko gertu dagoela esango nuke. Antzerkigintzatik dator eta emanaldietan sumatzen da hori. Dantzari bat izango du lagun".
Sarrerak, bost eurotan
Juan Arzamendi Musika Etxean izango dira, 19:30ean, kontzertuak. Arrasate.eus atarian daude sarrerak aurrez eskuragarri, bost eurotan.