Eskolara oinez joateko deia, Mugikortasun Astearen baitan

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 13a, 13:09

Udalako Ingurumen Eskolak, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, Arrasate Herri Eskolako ikasle eta irakasleak motordun ibilgailuak alde batera utzi eta eskolara oinez joatera animatu gura ditu, irailaren 18tik 22ra.

Ohi moduan, bigarren eta hirugarren zikloko ikasleek hartuko dute parte. Aurten bi ibilbide egingo dituzte; batak, erdigunetik abiatuta (Biterin 08:30ean) Arbolapetaraino joanez bidegorria hartuko du Monterron parketik barrena. Beste ibilbideak San Andresetik irtenda (09:40ean Kurtzetxiki plazan) Erguinerantz hartuko du Arrasate pasealekua zeharkatuz.

Hasierako puntu horietan Udalako Ingurumen Eskolako irakasleak egongo dira, haurrak jaso eta eskolaraino bidean laguntzeko. Dena den, ibilbidean zehar bizi diren lagunak taldera batzeko aukera izango dute. Parte hartzeko ikasleek izena eman beharko dute irailaren 14 baino lehen, eta parte hartzaileen artean saritxo batzuk banatuko dituzte astearen amaieran.

Oinez mugitzea garrantzitsua dela ohartarazi dute ingurumen eskolatik. "Batetik, motordun ibilgailuek sortzen dituzten inpaktuak (zarata, berotegi efektuko gasen isurketa, istripu arriskua...) murrizteko, eta bestetik, modurik osasuntsuena delako aire zabalean mugitzeko. Gainera, gure herria jasangarriagoa eta atseginagoaren alde egiteko modu bat ere bada. Honela, Arrasateko Udalak irailaren 16tik 22ra herriko autobusa doan jarriko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak