Ekin Emakumeak Elkarteak prest ditu ikastaro berriak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 12a, 10:13

Ekin Emakumeak Elkarteak antolatutako ikastaroetako bat, iaz.

Joskintza, yin tao, yogaterapia eta ecstatic dance-souldance ikastaroak eskainiko ditu Ekinek urritik aurrera eta dagoeneko zabalik dute horietan parte hartzeko izen-ematea.

Ecstatic dance-souldance ikastaroa izango da ikasturte honetako berrikuntza nagusia. Musikak gidatuta, bost erritmotan oinarritutako dantza saio libreak egingo dituzte, Agurtzane Altuna irakaslearen eskutik. "Konfiantzazko espazio seguru batean, gorputzaren espresio eta mugimendu libreari lekua emango diogu, erritmo suabeetatik hasi eta, poliki-poliki, indartsuagoetara", azaldu dute elkartetik.  Tailerraren xedea da norberak bere barruarekin eta gorputzarekin konektatzea eta adieraztea.

Urriaren 20an hasiko dira ikastaroarekin eta azaroaren 17an eta abenduaren 1ean ere egingo dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara.

Beste hiruak ohikoagoak izango dira. Batetik, joskintza ikastaroa, josteko makina martxan jarri eta lehen osagarri eta arropak josten ikasteko helburua duena. Dunixe Royoren eskutik, urriaren 10etik abenduaren 19ra egingo dute, martitzenetan 16:00etatik 18:00etara eta eguenetan, 18:30etik 20:30era.

Yin tao ikastaroa ere egongo da, norbere burua sendatzeko gaitasuna garatu, estresa eraldatu eta barne bakea lantzeko tailerra. Urriaren 19an, azaroaren 2an eta abenduaren 14an egingo dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara, eta Kontxi Garmendia izango da gidaria.

Azkenik, yogaterapia ere egingo dute, norberaren zaintzan fokua jarriz eta kanpo eta barne epaiak baztertuz. Itziar Perezek gidatuko ditu saioak, urriaren 10etik abenduaren 19ra, martitzenero, 14:30etik 16:00etara.

Izen-ematea zabalik

Izena emateko, hainbat bide dituzte: Elkartean bertan (Pablo Uranga kalea, 4, behea), 943 79 83 70 edo 651 70 79 36 telefono zenbakietara deituta edo emakumeak@ekinemakumeak.eus helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak