Programazio berria prest du Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 11a, 15:56

Abuztuko atsedenaren ostean, ohiko zerbitzuak berriro ere martxan dituzte Emakume Txokoan eta irailaren 28an egingo dute udazkeneko plangintzaren berri emateko ekitaldia. Jabetze Eskolan parte hartzeko izen-ematea hilaren 18an irekiko dute.

Irailaren 28an egingo du irekiera ekitaldia Arrasateko Emakume Txokoak, han bertan, Nik sinisten dizut irakurraldi feministaren bigarren edizioaren bideoaren proiekzioarekin hasita. Hala, irakurraldian parte hartu zuten guztiak eta joan ezinda gelditu zirenak gonbidatu dituzte Emakume Txokotik, "irakurraldiak emandakoaz gozatzeko".

Horren ostean, Yaima Orozco kantautore kubatarraren kontzertua egongo da. "Bere belaunaldiko kantari kubatar garrantzitsuenetako bat da, eta aurreko tradizio trobadoretik edaten du. La Trovuntivitis kantautoreen taldeko kidea da. Euskal Herrian eta beste herrialde batzuetan ematen ari den kontzertuen artean tarte bat egin digu Emakume Txokoan abesteko, eta seguru kontzertu ederra eskainiko digula", nabarmendu dute.

Irekiera ekitaldiaren ostean, askotariko ekintzak egongo dira abendura bitartean. "Bakarrizketak, bertso saioak, erakusketak… Emanaldi eta gune horiek ere aukera emango digute hausnarketa feministetan sakontzen jarraitzeko", gaineratu dute.

Jabetze Eskola, urritik aurrera

Bestalde, formazioa eta topagunea eskaintzen dituen Jabetze Eskolaren plangintza berrian hainbat ikastaro, tailer eta gune jarriko dituzte martxan urria hastearekin batera eta, horietan parte hartzeko izen-ematea irailaren 18an zabalduko dute.

Hainbat gai eta lan-ildo izango dituzte eskolan hiruhilekoan zehar: "Berba egingo dugu botereaz, pribilegioez eta zapalkuntzez; emakumeon* autonomia eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko bitartekoak eskuratuko ditugu; osasunari, zaintzari, sormenari, kulturari eta abarri lotutako hainbat gai landuko ditugu gure bizitzetako eta inguruneko esparru ezberdinetan eragiteko, ikuspegi feministatik", adierazi dute Emakume Txokotik. "Finean, hausnarketa feministetan sakondu, eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa landuko ditugu, eskolak eskaintzen duen konfiantzazko gune honetan".

20 urteko ibilbidea

2003an jarri zuten martxan Arrasateko Emakume Txokoa eta, beraz, 20. urteurrena du aurten. "Ilusioz ekin genion bideari, eta ilusio horrekin jarraitzen dugu lanean, bide lagun ditugun eta izan ditugun emakume* eta eragile feminista guztien parte hartzearekin", diote.

Hala, urte berezia dela aintzat hartuta, jardunaldi feminista bat prestatzen ari dira, "egindako bideari erreparatuz, Emakumeen* Etxeen erronkak identifikatzeko eta aurrera begira jartzeko". Urriaren 27an eta 28an egingo dituzte jardunaldi horiek eta laster emango dituzte xehetasunak.

Aurrera begira ere, Emakume Txokoak gune bat eskaintzen jarraitu nahi du, "politika feministak egiteko, sareak sortzeko, eta emakumeon* ahalduntze pertsonal eta kolektiboa sustatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak