Europako hoberenen aurka jokatzeko diru-laguntza beharra

Julen Murua Mesonero 2023ko ira. 11a, 13:18

Uxue Azkue eta Nahia Irazola entrenamendu batean. Argazkia: Dragoi Gimnasia Taldea

Europako txapelketak dakarren gastuei aurre egiteko laguntza eskatzen dute Nahia Irazola eta Uxue Azkuek

Azaroan jokatuko dute Turkian Nahia Irazola eta Uxue Azkue arrasatearrek gimnasia aerobikoko Europako Txapelketa. Herrialde askotako talderik onenak batuko dituen txapelketa da, eta "udatik entrenatzen buru-belarri" aritu direla diote arrasatearrek. Aurretik estatu mailako txapelketetan parte hartu izan duten arren, "horrelako maila duen txapelketa batean" parte hartuko duten lehenengo aldia izango da Irazola eta Azkuerentzat.

Diru-laguntza beharra

Maila horretako txapelketa batean parte hartzeak dakar ekonomikoki esfortzu handia egin beharra. Aitortu dute klubak ez duela "nahikoa diru txapelketako gastu guztiak ordaintzeko", eta beraz, "diru-laguntza baten beharrean" daudela. Bidaiak, estantzia, materiala, lizentziak... asko dira ordaindu beharreko gastuak, eta arrasatearrek diote "gastu horiek guztiak ordaintzeko laguntzak bilatzen" ari direla.

Edozein diru-laguntza "asko eskertuko" luketela ere adierazi dute; edonork bere aletxoa jarri nahiko balu, beraiekin zuzenean kontaktuan jarri edo klubarekin kontaktuan jarri beharko litzateke.

Azken orduko lesioa

Udan zehar taldekide batek belaunean min hartu zuen eta ezin izango du txapelketan parte hartu. Hori dela eta, ordezko batekin jokatu beharko dutela diote gimnastek: "Triste gaude txapelketan parte hartu ezin izango duen taldekideagatik. Hala ere, gogo askorekin goaz Turkiara eta daukagun guztia emango dugu maila on bat eskaini eta etxera pozik itzultzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak