Emakumeek gidatutako askotariko kontzertuak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ira. 8a, 09:37

Olaia Inziartek zabalduko du Oreixe Akustikoak musika zikloa gaur, egubakoitza, JAMEko auditoriumean.

Euskal Herriko Olaia Inziarte eta Sara Azurza musikari gazteak, eta Madrilgo Emilia y Pablo bikotea izango dira Oreixe Akustikoak musika zikloaren lehen asteburuan protagonista; Arrasate.eus atarian daude, bost eurotan, sarrerak eskuragarri.

Izen berriarekin –Oreixe Akustikoak– eta toki eta ordu alda- ketarekin –Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean, 19:30ean–, baina aurreko hamalau aldietako izaera berarekin, hau da, "formatu txikiko musika formazioak eta eskualdean ez-ohiko musika eskaintza aberasteko helburuarekin" abiatuko du Arrasateko Udaleko Kultura sailak gaur, egubakoitza, bi asteburutan banatuta, eskainiko duten sei kontzerturekin osatutako sorta.

Nafarroako Oronoz herriko Olaia Inziartek zabalduko du hamabosgarren musika zikloaren egitaraua. "Modu baten definitzearren, pop iluna egiten du nahiz eta askotariko estiloen nahasketa ere baduen. Gaztea bada ere, eskarmentua du musika arloan, hainbat taldetan ibili izan da aurrez, eta iazko Durango Azokan aurkeztu zuen berak sinatutako estreinako lana. Hirukote akustiko formatuan dator. Zaleen artean jakin-mina sortu du, horren erakusle sarreren aurre salmenta oso ondo doala. Emanaldi guztietarako sarrerak bost eurotan daude Arrasate.eus atarian eskuragarri eta guztiak agortu ezean, kontzertuen egunetan, aretoan", azaldu du Arrasateko Udaleko Kultura teknikari Karmelo Alberdik, asteon, Arrasate Irratian.

Sara Azurzaren laukotea, bihar

17 urte zituela eta Lauroba anaiak lagun, igo zen oholtza gainera estreinakoz bihar JAMEko auditoriumean lekukoa hartuko duen Sara Azurza donostiarrak. Uztailean Oñatiko Santana antzokian eskaini zuen kontzertuko oroitzapen goxoekin "gogotsu" dator urtarrilean argitaratu zuen Hemen berriro diskoa aurkeztera. Hala kontatu du Arrasate Irratian: "Asko gustatu zait eskaintza orokorrean; plazera da Olaia Inziarte eta Verde Prato moduko artista handiekin kartela partekatzea". Soul, funk, pop, elektronika eta bestelako doinuen nahasketa eskainiko du laukote formatuan.

Domekan, bikote txiletarra

"Formazio bitxiak" ezagutzera ematea du helburu Arrasateko Udalaren ziklo akustikoak eta oraingoan ere hala dela dio Alberdik etzi, domeka, izango diren Emilia y Pablo bikotea aurkezterakoan. "Txilekoak dira, baina Madrilen bizi diren eskarmentu handiko artistak dira. Antzerkigintza eta performance diziplinatik datoz eta musikari dagokionez, nahasketa bitxia eskaintzen dute, hau da, folklore latinoamerikarraren eta flamenkoaren nahasketa".

 

Erlazionatuak

'Uda Giroan' saioa: 2023-09-08

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 ira 08 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak