Domekan Arantzazura erromesaldia egiteko dei egin die EAJk arrasatearrei

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 7a, 12:30

Arantzazuko Ama Birjinaren Eguna, iaz.

Irailaren 9an Arantzazuko Amaren Eguna da eta, ohiturei jarraiki, domekan, hilak 10, Arrasateri dagokio Arantzazura erromesaldia egitea. "Egun handia da bertaratzen diren guztiontzat eta udal ordezkariok aktiboki parte hartu ohi dugu ospakizunean, festa eguna herritarrekin batera ospatuz, erromesaldia egin dutenei harrera eginez eta goizeko mezan parte hartuz", diote jeltzaleek.

Arrasateko EAJ-PNV Arantzazura joango da domekan eta, tradizioa jarraituz, harrera egingo die erromesaldia egingo duten herritarrei. Mezara ere joango dira ordezkari jeltzaleak. "Urteetako ohitura da igandeko erromesaldia, eta guretzat funtsezkoa da ohitura horiek bizirik mantentzea, gure historia eta kulturaren zaintzaren mesedetan, hain zuzen, ohitura edo tradizio horiek direlako iragana eta oraina batzen dituztenak eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen direnak", diote jeltzaleek.

Era berean, EAJk "penaz" hartu du EH Bilduko Udal Gobernu berriak igandeko ekitaldian parte hartu nahi ez izana eta, ondorioz, erromesaldia egiten duten herritarrei harrera ez egin nahi izana, haien esanetan. "Igandean arrasatear asko izango dira Arantzazun eta alkatea zein Udal Gobernuko kideak bertan ez izatea penagarria da, tradizioari uko egiteaz haratago, bertan izango diren arrasatearrei ere bizkarra emateko modua ere badelako. Alkatea herri guztiaren ordezkari da eta ez zati batena bakarrik", gehitu dute.

Edozelan ere, Gobernuak gezurtatu egin du hori. "Udalerrian kristautasunaz harago beste erlijio batzuk ere badaudela iritzita eta neutraltasunaren izenean, parrokoarekin adostu dugu harrera ofizialik ez egitea udal moduan eta harrera hori parrokoak berak egitea", azaldu du Udal Gobernuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak