Indarra, maitasuna eta askatasuna izan dira aurtengo Aurrera Bolie eguna ezaugarritzeko aukeratu dituzten hitzak. "Sentimenduak, ametsak eta errealitatea biltzen dituzten kontzeptuak, aurrera egiteko beharrezko ditugun heldulekuak eta hemen gaudenok osatzen dugun komunitateak berezko dituen ezaugarriak", adierazi du Larraitz Trojaolak, Aurrera Bolie herri ekimeneko kideak.
Iaz oroimena landu ostean, azken urtebete honetan, "konpromisoa, elkartasuna, abertzaletasuna eta balio ezkertiarrak" oinarri hartuta, esparruz esparru eragiten aritu direla nabarmendu du Trojaolak: "Euskararen aldeko borrokan, feminismoan, preso eta iheslarien etxeratzean, kulturgintzan, erabakitzeko eskubidean, bizi eta lan baldintzen esparruan, udalgintzan, hezkuntzan… Finean, herrigintzan".
Hala, iazkoari balioa eman eta bolie mugitzen jarraitzeko elkartuko dira hilaren 16an. "Eskaintza politikoa eta soziala uztartuta, hausnartzeko, aldarrikatzeko, elkartzeko eta gozatzeko eguna ospatuko dugu".
"Egitarau aberatsa"
Agerraldian adierazi dutenez, egun osoko "egitarau aberatsa" antolatu dute, "ahalik eta anitzena", Trojaolaren esanetan. "Aurrera Bolie eguna guztiok gozatzeko moduko eguna izateko lanean arituko gara, eta ez dugu inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko. Dagokionari ardura hartzeko eskatzen diogu", nabarmendu du.
Honako hau da egitaraua:
- 11:30ean Bermut politikoa, Irati Topalekuan, Sortuko David Pla, LABeko Maddi Isasi eta Ernaiko Beñat Jusueren eskutik, Hitza eta bizitza herria egiteko izenburupean. Areto, hitzartze eta eztabaida neurtuetatik kanpo burutuko den hausnarketa parte-hartzailea egingo dute Jokin Zubiria Lagunillaren dinamizazioarekin.
- 11:30ean Haurrentzako tailerrak, jolasak, pintxoak eta abar, Biteri plazan.
- 14:30ean Bazkari herrikoia, Biteri plazan.
- 16:30ean Bazkaloste akustikoa izango dugu Biteri plazan bertan herriko hainbat musikariren parte hartzearekin: Izadi eta Peru, Añube, Peru Altube eta Iraitz Agirre.
- 18:30ean Hitz Esana poesia emanaldia Irati Topalekuan, Mejillon Tigre kolektiboarekin.
- 22:00etan kontzertuak gaztetxean, Mc Onak, TOC eta Virgin Mari taldeekin. Sarrera 5 euro. Gaztetxeko ateak 21:30ean zabalduko dituzte eta sarreren salmenta momentuan egingo dute.
Bazkarirako tiketak salgai
Bazkarirako tiketak jada salgai daude, Irati tabernan –enplegudunek 15 euro eta enplegu gabeek 10 euro–. Horiek erosteko azken eguna irailak 11, astelehena, izango da eta, azaldu dutenez, erdia baino gehiago saldu dituzte dagoeneko. "Beraz, ez itxaron azkenengo egunera arte", gaineratu dute.
Menuari dagokionez, honako hau izango da: paella eta saiheskia txingarretan. Aukera begetarianoa eta beganoa ere egongo dira –tiketa erosteko momentuan aipatu behar da–.
Esker mezuak eta deialdia
Amaitzeko, egitaraua prestatzen lagundu dieten kulturgile, sukaldari, hezitzaile, militante eta kide guztiei eskerrak eman dizkiete herri ekimeneko kideek. "Zuen ekarpenari esker ospatuko dugu aurtengoan ere Aurrera Bolie eguna. Eta gainerako herrikide guztiei egunean zehar egongo diren ekitaldi desberdinetan parte hartzeko gonbidapena zabaltzen dizuegu", azpimarratu dute.