Datorren astean irekiko dituzte ludotekak, gaztetxokoak eta gaztelekua

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 6a, 17:17

Irailaren 11an irekiko dituzte ateak Okendoko, Santa Marinako eta Usaetxeko ludotekek; 12an, berriz, auzoetako gaztetxokoek; gaztelekua, azkenik, irailaren 15etik aurrera egongo da erabilgarri, asteburuetan.

Ludotekei dagokienez, datorren astelehenean irekiko dituzte ateak Okendokoak, Santa Marinakoak eta Usaetxekoak, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara. Ludotekek 3 eta 11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. "Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… beti ere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta", azaldu dute Udal Gobernutik.

Irailaren 11tik 29ra ate irekien jardunaldiak egingo dituzte eta, egun horietan, hiru ludotekak irekita egongo dira, zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko eta abarrerako.

Gero, urriaren 2tik aurrera izena eman duten haurrek izango dute aukera ludoteka erabiltzeko. Horretarako, ludoteketan bertan edo www.arrasate.eus webgunean. Hiruhileko bakoitzerako edo urte osorako izena emateko aukera egongo da (30 euro urte osoa eta 10 euro, hiruhilekoa).

Gaztetxokoak, martitzenetik

12 eta 17 urte arteko nerabeei ere euren garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko espazio bat eskaini nahi zaie gaztetxokoen bidez: "Pertsonen arteko harremanak, parte-hartzea, sormena, autonomia, emozioak…".

Irailaren 12an zabalduko dituzte auzoetako gaztetxokoak, martitzenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara.

Gaztelekua, asteburuetan

Nerabeei zuzendutako aisialdi eskaintza gaztelekutik bideratzen da, Nafarroa etorbidean dagoen tren geltoki zaharrean. Irailaren 15ean irekiko dute, egubakoitzean, 18:00etan. Gerora, astebururo egongo da irekita, egubakoitzetan 18:00etatik 21:00etara eta zapatu eta domeketan 17:00etatik 21:00etara.

Informazio gehiagorako honako bide hauek daude: Gazte Bulegora jo, 943 25 20 65 telefonora deitu edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak