Emakumeei zuzenduta, kontzientzia lantzen eta norbere burua ezagutzen eta maitatzen laguntzeko hainbat tailer antolatu dituzte Sane zentroan eta Barneko haurra besarkatzen izenekoa izango da lehena. Elena Urigoitia bideratzaileak dioenez, haurtzaroan asetako beharrek eta asegabeek eragin handia dute helduaroan: "Lehen urteetan, umea bere osotasunean bizi da, bere egiarekin. Baina, urteek aurrera egin ahala, onartua eta maitatua ez izatearen beldur izaten hasten da. Gutariko bakoitzak bere eran ikasi du min horretatik babesten, koraza bat sortuz. Baina gure barneko umeak, zauriez gain, indar handia dauka, sormena, berehalakotasuna... eta ezaugarri horiek hor daude, argitara irteteko zain. Gure gabeziak dauden leku berean dago gure potentzialtasuna. Gure barneko umetxo hori begiratu, ezagutu, entzun, maitatu, onartu, eta zaindu behar dugu gure bizitza hobetzeko".
Irailaren 23an, zapatua, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egingo dute tailerra eta 24an, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Plaza mugatuak dituzte eta, izena emateko, 691 06 56 17 telefono zenbakira deitu beharko da (Itsaso).
Azaroan, beste tailer bat
Bestalde, azaroaren 4an eta 5ean, Amarekin eta ahaide femeninoekin harreman osasuntsuak eraikitzen izenekoa egingo dute eta izena eman daiteke jada, bide bera erabilita. Hala dio Urigoitiak: "Amaren sabelean gaudenean, bere gorputzean, buruan eta bihotzean gertatzen den dena sentitzen dugu. Gure ahaide femenino guztien memoriak gordetzen dira gugan eta honetaz konturatzeak gure burua ulertzen laguntzen gaitu, gure emozioak, mina eta amorrua ulertzen, gure beharrak ezagutzen".