Denboraldiaurreko torneo bat bi kategoria gorago dauden taldeen kontra antolatzeak baditu bere arriskuak. Bereziki liga hasteko 15 egun geratzen direnean, eta konfiantza hartzen joatea helburuetako bat izan behar denean. Eta azterketa horren aurrean Mondrak pozik geratzen moduko lana egin zuen atzo. Touring eta Beasain hirugarren mailako taldeak dira, eta abuztu hasieran hasi zituzten entrenamendu saioak –datorren asteburuan hasiko dute liga–. Aurten Gorengo mailan jokatuko duten Mondrako jokalarien prestakuntza, berriz, ez dago horren aurreratuta, oraindik 15 egun geratzen direlako liga hasteko, eta hala ere, txukun jardun zuten bi partiduetan –bietan Nuñezek goitik behera aldatu zuen taldea–.
Touringen kontra 0-1 galdu zuten zuri-moreek, ondoren, Beasainen eta Touringen artekoan beasaindarrak izan ziren hobeak (2-0) eta arratsaldeko azken partiduan zuri-moreak tarteka Beasain estutzeko gai ere izan ziren –beasaindarrek ere erritmoa jaitsi zuten–. "Aste hauetan defentsako lana lehenetsi dugu eta espero nuen taldeak atzeko lerroetan sendotasuna erakustea", adierazi zuen Nuñezek.
Hala, Mikel Aizpurua arrasatearraren Beasainendako izan da aurtengo Arrasate Hiria –Aizpuruaren zazpigarren denboraldia izango da Beasainen– eta jokalari onenaren saria talde bereko Alex Iriondorendako izan da.