Laugarrenez antolatu dute Hauspo Eguna elkarlanean eta Udalaren laguntzarekin, Ibai-arte merkataritza elkarteak eta Arrasate Trikitixa Eskolak. Pandemiatik Merkemerkaua eta Eskola Plazara egitasmoak batzearen aldeko apustua egin zuten, eta, ordutik, arrkastatsuak izaten ari dira emaitzak. Trikitixa doinuak herriko kaleetan zehar entzungai izango dira datorren irailaren 7an, 8an eta 9an.
Eguenean trikiti eskolako kideen kalejirarekin emango zaio hasiera hauspo egunari, baina, egitarauko zati mardulena, egubakoitzean etorriko da. Eskola Plazara egitasmoaren barruan, arratsaldeko 18:00etan trikitixa eskolatik plazaraino abiatuko dute kalejira. Plazan, trikiti doinuez gain hainbat ekintza ezberdin egongo dira, besteak beste, Gurozuna Jo trkitilarientzat, panderoa egiten dituen artisaua, umeentzako jolasak edo taloak jateko aukera. Era berean, datorren ikasturterako matrikulatzeko aukera ere egongo da, hori baita Eskola Plaza egitasmoaren helburu nagusia, etorkizuneko ikasle berriak erakartzea.
Maila altuko emanaldiak
Txikienen trebetasunak paso emango die trikitilari profesionalen kontzertuei. Ostiralean, esaterako, 20:00etan hasita, Xabi Solano Maiza, besteak beste, Esne Beltzako ikurrak, kontzertua eskainiko du Portaloian. Solanorena, ordea, ez da izango Hauspo Eguneko emanaldi bakarra, zapatuan, 19:30ean, O Val das Moura taldearen kontzertua egongo da entzungai herriko plazan.
Ez da faltako 'Trikigin' lehiaketa
Trikitiarekin aritzeak dakarren nekeari eta egarriari aurre egiteko, aurten ere Trikigin lehiaketak ez du hutsik egingo. Hamar taberna ingurutako ostalariak gin-tonic onena egiten saiatuko dira. Hamabost minutu izango dituzte eta lau gin-tonic egin beharko dituzte, ondoren, epaimahaiak baloratu eta onena aukeratzeko.
Merkemerkaua ere egun berdinetan
Merkemerkaua eta Eskola Plazara egitasmoak urtero antzeko datetan egiten zirela ikusita batu zituzten indarrak. Horren ondorioz, Ibai-arte merkatari elkarteak antolatzen duen egitasmoa ere data berdinetan egingo da aurten ere.