2022ko Joseba Jaka bekari esker garatu zuen izen bera duen bakarkako lehen proiektua musikariak, eta Durangoko Azokan aurkeztu zuen iaz. Orain, ordea, jaialdia egiteko erabakia hartu du, eta, aurreratu duenez, lagun izango dituen musikari euskal herritarrez eta kubatarrez gain, sorpresa gehiago izango dira irailaren 2an.
Osinagak, besteak beste, alboan izango ditu Yaima Orozco –guiroa, klabea eta mood guajiroa–, Naile Sosa –perkusioa– eta Irina Gonzalez –gitarra–. Baina baita Olatz Salvador, Miren Amuriza, Garazi Egiguren eta Janire Etxabe ere.
Jaialdirako sarrera doakoa da, baina edukiera mugatua izango denez, aurrez izena eman behar da. 19:00etan irekiko dituzte ateak.
Bidaia baten emaitza
Proiektuaren lehen zatia Kuban garatu zuen musikariak, Habanan. Hainbat emakume musikari ezagutzeko aukera izan zuen, eta handik ekarritako materialarekin osatu zuen sorkuntza prozesua Euskal Herrian. Beraz, Itziarren ez ezik, Habanan ere proiektua aurkeztuko du, urriaren 6an.