Hilaren 8an egin zituzten lanak, baina egun bat lehenago jada martxan zeuden. Kobara heltzeko mendi inguruak garbitzen aritu ziren, sasiz betea zegoelako, eta hurrengo egunerako beharrezko ekipamenduak ere instalatu zituzten.
Egunean bertan berrogei bat lagun elkartu ziren garbiketarako, eta Takomano espeleologia elkarteko kideak ere lanera gehitu ziren. Kobako zaborra zaku handi batzuetan sartu zuten, eta atoiaren zein autoen laguntzaz, errepide bazterrean kokatuta zituzten zabor ontzietara eraman zituzten. "Hasieran nahiko geldo joan arren, behin guztiok tokia hartutakoan, elkarlanean berehala jaso zen zabor guztia". Guztira, 1.120 kilo txatarra eta 245 kilo errefusa jaso zituzten bertaratutakoek.
Hurrengoaren bilaketan
Bultzatzaileek helburu dute inguruko koba guztiak garbitzea. Zapatei izenekoa garbitu zuten iaz, eta, oraingoan, Udalatxen magalean dagoen Sara kobaren txanda izan da. Hain justu, meatze izaneko inguru bat da, sakonune bat. Hala, datorren urteko koba aukeratzen dabiltza orain, lana badagoela nabarmenduta.