Auzo eta kaleetako jaiak, asteburuak alaitzeko gako

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 21a, 15:21
Joan den egubakoitzean ospatu zituzten Zerrajerako jaiak. Argazkian, afaria. (Argazkia: Zerrajerako Jai Batzordea).

Joan den asteburuan ospatu zituzten Zerrajerako eta Santa Marinako jaiak, eta, horien ostean, Maalako errebalekoak eta Ferreriaskoak datoz, bihar eta hilaren 26an, hurrenez hurren. Irailean Zarugaldekoen, Elmakoen eta Erguingoen txanda izango da.

San Andresko eta Musakolako jaiak izaten dira, sanjuanen aurretik, asteburuko egitarau zabalenak izaten dituztenak. Dena den, herriko festa nagusien ondoren ere ez dute etenik izaten auzo eta kaleetako jaiek. Joan den asteburuan, esaterako, Zerrajerakoak eta Santa Marinakoak egin zituzten. Zerrajerakoei dagokienez, hiru urteko etenaren ostean berreskuratu dituzte, eta, bero handia egin bazuen ere, erantzun ona izan zuten antolatutako ekintzek, "giro ezin hobean", Jai Batzordeko Iratxe Maskarianoren esanetan. "Aurreko urteetan baino jende gutxiago izan ginen, baina ederto pasatu genuen. Uste dugu geldialdiaren ondorioa izan daitekeela; beraz, hurrengo urtera begira, jende gehiago animatzea gurako genuke", gaineratu du.

Santa Marinako jaiek ere "primerako erantzuna" izan dute, Matilde Martin auzo-alkatearen esanetan. "Oro har, giro ona eta gizalegezkoa nagusitu da, bereziki kontzertuetan. Halaber, erretiratuen bazkaria eta omenaldia nabarmenduko nituzke. Auzoko lau nagusienak omendu genituen, elizako aurreskuaz gain, hainbat oparitxorekin, eta oso eskertuta azaldu ziren. Edozelan ere, badira gustatu ez zaizkidan bi kontu. Batetik, barrakak baimen barik etorri ziren eta joan behar ziren. Bestetik, Udalak berandu egin zigun zegokion ordainketa eta nire bankutik atera behar izan nuen dirua eragileei ordaintzeko".

Bihar, Maalako errebalekoak

Maalako errebaleko jaiak bihar ospatuko dituzte. 12:30ean, gaiteroak eta erraldoiak aterako dira kalera eta 14:30ean auzo bazkaria egingo dute estratetan. Bazkalostean umeendako jolasak izango dituzte, eta, DJ Goikoren ilunkerako musika emanaldiaren ostean, suzko erruberekin borobilduko dute eguna.

Uztailaren 26an, Ferreriaskoak

Ferreriasko jaiei dagokienez, eguaztenean izango dira. Goiza txistulariek alaituko dute eta arratsaldean haur jolasak eta txokolate-jana izango dituzte, 17:00etan. 19:00etan, mezaz gain, erraldoi txikien konpartsa eta txistularien kalejira egongo dira eta 21:00etan, afaria –txartelak salgai daude Kilikolon–.

Irailean, beste hiru

Abuztu amaieran, bestalde, Uribarriko nekazal jaiak ospatuko dituzte eta irailean, berriz, Zarugaldeko, Elmako eta Erguingo jaien txanda izango da. Zarugaldekoak hamaikagarrenez egingo dituzte, irailaren 2an, eta afarirako txartelak salgai daude Brankan, Muxibarren eta Miren Garai estetika zentroan, abuztuaren 27ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak