Azken urtean ARTk "aurrerapausoa" eman dutela nabarmendu dute Arrasate Rugby Taldeko zuzendaritzatik. Ramon Barrutia presidentea buru izan dutela, batzar orokorra egin zuten atzo, martitzena, eta amaitu berri den ikasturtearen inguruko balorazioa egin dute. Eta oro har, klubeko zuzendaritza pozik agertu da aurten egindako lanarekin. Hala, kontuak erakutsi eta gai-zerrendako puntu guztiak onartu dituzte.
Inklusio eta amen taldeak indartu dira
Batzarrean azaldu dutenez, inklusibo eta amen taldeak nabarmen indartu dira "Eta, gainontzekoek, aurrera egin dute", adierazi zuen Barrutiak. Testuinguru honetan, agintari zuri-moreek gurasoek egindako ekarpena nabarmendu dute. Inklusibo taldeari dagokionez, hamabost egunetatik behin entrenamendu saioa burutu dute, eta 30 jokalari inguruk hartu dute parte. Zentzu honetan, HUHEZI-rekin sinatutako hitzarmena nabarmendu dute, "Talde inklusiboko jokalari, dinamizatzaile, entrenatzaile eta gurasoei lagundu eta orientatzeko metodo eta tresnak eskuragai jarri dituena".
Aurtengo beste protagonista amen taldea izan da, "nabarmen hazi dena". Zentzu honetan, etorkizunari begira duten erronketako bat jokalarientzat istripu asegurua kudeatzea dela onartu dute. Nesken taldeak ere emandako aurrerapausoa nabarmendu dute eta, testuinguru honetan, jokalariek erakutsitako konpromisoa ekarri dute gogora.
Senior mailako taldeari dagokionez, kirol mailatik harago jokalariek erakutsitako konpromisoa nabarmendu dute, partidu guztietan entrenatzaileak 23 jokalari izan dituelako eskura. Eta, nabarmendu dute klubeko talde ezberdinetan 200 jokalari inguru dituztela gaur egun.
Arlo ekonomikoan, gastu handiagoak egiteko aukera
Arlo ekonomikoan balantze orekatua aurkeztu du zuzendaritzak, "parra" geratu direla nabarmendu dute. Hala, klub-zuri-morearen diru-sarrerak orotara 167.244 eurokoak izan dira, hasiera batean aurreikusitakoak baino ia 29.000 euro handiagoak, eta horrek zenbai inbertsio eta gastu egiteko aukera eman die –babesleen partetik etorri dira diru sarrera berriak–. "Uste genuena baino babes ekonomiko handiagoa lortu dugu, eta oso pozik gaude arlo horretan egindako lanagatik“, azaldu dute zuzendaritzatik.
Hori horrela, Arrasate Rugby Taldeak atal batzuetan gastu handiagoak egiteko aukera izan du aurten: Ekipamenduetan edo kirol arropan, entrenatzaile eta monitoreen lana saritzen, edota talde ezberdinen bidaiak errazten gastatu ahal izan dute gehiago. Aurrekontuetan 138.167 euro gastatzea aurreikusita bazegoen, azkenean 167.422 euro baino zertxobait gehiago gastatu du klub zuri-moreak. Diru-sarreretan iturri nagusia, azken urteetako joerari eutsiz, Garagardo azoka izan da. Bigarren eskaloi batean hiru izan dira diru-iturri nagusiak: Babesleak, loteriaren salmenta eta jokalarien kuotetatik eratorritakoak. Amaitzeko, hurrengo ekitaldirako 153.835 eurotako aurrekontua izango du ARTk.