Gaur bertan amaituko dira Txatxilipurdiren udalekuak

Miren Arana Pagaldai 2023ko uzt. 21a, 09:00

Txatilipurdiko haurrak ur jolasetan.

Parte-hartzeak gora egin du aurtengo Txatxilipurdiren udaleku irekietan, balorazio orokorra egin ez den arren, zenbait gauza nabarmendu dituzte begiraleek

Gaur amaituko dira Txatxilipurdiren udaleku irekiak, eta, nahiz eta oraindik barne mailako baloraziorik egin ez, orokorrean zenbait gauza nabarmendu dituzte begiraleek. Amaia Arregi udaleku irekien arduradunak aurreratu duenez, parte-hartzeak gora egin du aurten; txikienen artean, batik bat: "Sekula baino ume gehiagok eman dute izena, eta talde oso plurala edukitzea lortu dugu: ikastetxe, auzo eta kultura askotariko haurrak izan ditugu.

Izen emateak gora egiteaz gain, jolas eta ekintzatan ere umeen parte-hartzeak gora egin duela nabarmendu nahi izan du Amaia Arregik:"Desprogramazioaren aldeko apustu egiten jarraitzen dugu, eta aurten haurrek inoiz baino iniziatiba handiagoa erakutsi dute, zentzu horretan ekintza asko beraien beharretatik abiatu dira; eta aldi berean horrek, talde desberdinen batuketa ekarri du, adinartekotasunak toki handia izan du udalekuak honi esker ".

Urtero bereizgarri diren ekintzak ere izaten dituzte udalekuek, Amaia Arregiren hitzetan, aurten Osintxuko irteerak eta batez ere ur jolasek izan dute "arrakasta":"Ura tarteko duten ekintzek arrakasta handia izaten dituzte; herri mailan egiten direnei garrantzi berezia eman nahi diegu, haurrak herriaren parte eta subjektu aktibo direla sinisten dugu, eta jolasen bitartez haurren presentzia herri mailan bermatzea gako garrantzitsua izaten da. Zentzu horretan, beste udaleku batzuekin batera elkarbizitza bat sortzea oso pozgarria izaten da guretzat".

Bestetik, gurasoekin izandako harreman ona ere eskertu du koordinatzaileak: "Gurasoekin eguneroko harremana kudeatzeak badu bere lana, eta aurten oso ondo aritu gara, eguneroko hartu-emanean gurasoek sekulako jarrera ona izan baitute. Eskuko telefonoaren erabilera murriztea eskatu genuen hasieratik, eta hala izatea lortu dugu: behar izan den momentuan behar zenerako eta behar bezala erabili da telefonoa, eta momenturo behar zen tonua erabili dute gugana jotzeko".

Epez kanpoko izen-emateak

"Jende asko udalekutatik kanpo gelditu da izen ematea epez kanpo egiteagatik" dio Amaia Arregik, Txatxilipurdik izena eman duten haur kopuruaren arabera egiten du begiraleen kontratazioa, ondorioz epez kanpo egiteak kalteak ekar ditzake eta "ratioak errespetatuz" jokatu behar dutela azpimarratu nahi izan du begiraleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak