Txokolate beroarekin eman diete hasiera jaiei Arrasateko Santa Marina auzoan. Gaueko erromeria egingo duen DJ Iver soinu-probak egiten ari zela banatu dute txokolate-jana jai batzordeko ordezkariek. Hasieran ez, baina lehenengo lotsak uxatu direnean poliki-poliki hustuz egin da txokolatez beteriko lapikoa. Beroa egonagatik gozoa zegoen eta plazan elkartutako gehienek dastatu dute.
Erraldoien konpartsa
Jaien hasierako beste klasiko bat erraldoien konpartsaren kalejira da eta aurten ere ez du hutsik egin. Lau pare erraldoi ibili dira dantzan auzoko kaleetan zehar Arrasateko gaiteroen laguntzarekin. Neska-mutiko kuadrilla polita zebilen inguruan eta txandaka dantzatu dituzte ibilbide osoan zehar.
Behin jaiei hasiera emanda festa giroa izango da nagusi hiru egunez. Gaurko erromeria 22:00etan hasiko da. Lehenengo DJ Iver arituko da eta ondoren disko festa egingo du J&T-k.
Zapatuan eta domekan gehiago
Bihar, zapatua, dianarekin eta bolo-palma txapelketarekin jarraituko dute jaiek. 11:00etan hasiko dira. Puzgarriak ere bai. Ondoren etorriko dira txino-jokoa (12:30), Motores txaranga (13:00), barbakoa (14:00), apar-festa (18:00), konpartsa (19:30), Krosskoren erromeria (20:30), Ixsyiroi taldea (21:00), MCD taldea (22:30), eta Krossko (23:30).
Domekan ere 11:00etan hasiko da festa dianarekin, puzgarriak eta apar-festarekin. 13:00etan meza esango dute; 14:00etan, auzoko erretiratuendako bazkariai izango da; 19:00etan, herri kirolak eta barbakoa; 20:00etan, boloa umeendako; eta, 20:30ean, Akusticovers taldea.