Sasoibide: urtetik urtera hazten ari den ekimena

Miren Arana Pagaldai 2023ko uzt. 14a, 09:45

Sasoibidekoak, Inaziotar Bidearen hirugarren etapan.

Bost urte igaro eta gero, Inaziotar Bidearen hirugarren etapa eginda agurtu dute kurtsoa Sasoibideko kideek. Berrikuntzekin hasi zuten urtea, eta datorren urtera begira ere zenbait proiektu berri martxan jartzeko nahiarekin jarraitzen dute bost urte igaro eta gero, Inaziotar Bidearen hirugarren etapa eginda agurtu dute

Urtea "gogotsu eta indartsu" hasi dutela dio Margari Gorrotxategik, Sasoibideko kide eta antolatzaileetako batek: "Ikasturtea urrian hasten dugun arren, irailetik hasten da jendea irteerekin noiz hasiko garen galdezka". Aurten, kurtso hasieratik jarri ditu martxan proiektu berriak Sasoibidek; besteak beste, Ipar Martxa egiten hasi dira taldekide batzuk, makilekin praktikatzen den ibilketa nordiko kirol ezaguna. Bestetik, tradizioak ere jarraitu dituzte, eta ikasturtea Inaziotar Bidearen hirugarren etaparekin agurtu dute, Arantzazutik abiatu eta Araiaraino doan bidea eginez.

Duela bost urte jarri zen Sasoibide martxan, eta urtetik urtera hazten joan den ekimena izan da; aurten, 55 urtetik gorako 1.138 lagun batu ditu proiektuak, eta horietatik guztietatik %93 emakumezkoak izan dira: "Ez dira zenbaki asmatuak; nahiz eta konpromisorik gabeko irteerak izan zenbatu egiten ditugu etortzen diren guztiak, ondoren Udalean aurkezteko".

Emakumeei garrantzia

Ibilaldiez gain, beste zenbait irteera ere antolatu ohi dituzte: "Ez gara ibiltzera mugatzen; emakumeekin lotutako ekintzetara ere joaten saiatzen gara, eta baita kultur ekintzetara ere; ideia berrietara irekiak gaude". Aurten, besteak beste, Lilatoian, ibilketa nordiko tankerako minbiziaren aurkako martxa batean, Emakumeak Zientzian-en eta Guggenheim museoan izan dira elkarteko kideak.

Poliki-poliki "komunikazio sare" bat lortzen ari dira, antolatzailearen hitzetan. "Normalean, inguruko jendearekin irteten gara, baina Sasoibidek ate berriak zabaltzen dizkigu eta talde zabala sortzen ari gara; oso aberasgarria da hori". Gauza berezi eta berriak" egiten dituztela ere nabarmendu du, eta, hala, talde moduan "dinamika oso polita" sortu dutela.

Ekintza berritzaileak

"Kezkatuta" zeudela adieraziz, taldeko nagusienei zuzenduta eta taldea zabalagoa egiteko asmoarekin, datorren urtera begira proiektu berri bat jarri dute martxan Sasoibideko kideek: "80 urtetik gorako lau pertsona daude taldean, eta, batez ere, haiei zuzenduta eta baita beste kolektibo batzuk bereganatzeko asmotan ere, hurrengo kurtsora begira berrikuntza batekin hasiko gara: ostegunetako irteeretan bi erritmo markatuko ditugu; ibilaldia hasi eta bukatu toki berean egingo den arren, erritmo bat bestea baino motelago edo suabeago egiteko asmoa dugu".

Udalari laguntza

"EGITEN DUGUN
LANAK
HERRIARENTZAT
GARRANTZIA DUELA
AITORTU DIGUTE"

Antolakuntza aldetik hobekuntzak izan dituzte, Gorrotxagiren hitzetan, baina Udalaren babesa baino gehiago nahi dutela azpimarratu du: "Antolakuntzan laguntza izatea gustatuko litzaiguke, gidaritza bat ematea eta Herri Mugimendu bezala sustatzen laguntzea".

AKS sarien irabazleetako bat izan da Sasoibide, eta aitortza hori eskertzekoa dela adierazi du antolatzaileak: "Oso pozgarria izan da guretzako, egiten dugun lanak herriarentzako garrantzia duela aitortu baitigute sariarekin".

Konpromisorik gabea

"Uztailean antolakuntzarekin hasten gara, irailerako urte osoa itxuratuta egoteko". Hilero, herrian zehar kartelak jartzen dira hilabeteak izango dituen irteerekin, eta telefonotik ere bidaltzen da informazioa; egitaraua, beraz, "guztion eskura" dagoela aitortu du antolatzaileak, eta gonbita egin die herritarrei: "Gizartean aniztasuna garrantzitsua da, eta, gehienok emakumeak izan arren, gizonezkoentzat ere ateak zabalik ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak