Telefono-kabinan larrialdi deia egiten saiatu, eta ez dute tonurik jaso bueltan. "Pikutara doa gizartea, baina oraindik badago etorkizuna". Telefonoa eskegi. "Dakigun apurra egin beharko dugu orduan: guk musika deitzen dugun hori".
Apirilean kaleratu zuen Bat Bat Bi taldeak zortzi kantu eta 18 minutuko iraupeneko diskoa. Punk-rock estiloan gotortuta, zuzentasun politikotik urrun dauden hitzez jositako lana da Azken deia. "Izen bereko abestiak laburtzen du gure mezua, oraindik gauzak aldatzeko esperantza txiki bat daukagula", aipatu dute Julen Madinabeitia gitarra-joleak eta Josu Basterra gitarra-jole eta abeslariak.
Plástico, Puta eta Kill your idols kantuetan islatzen dute nola ikusten duten gizartea: "Minutu batean 24 aldiz errepikatzen dugu plástico hitza, gure egunerokotasunean daukan pisua adierazi nahian. Askotan esan digute Puta abestia ez dela onargarria betaurreko moreak jantziz gero; zatarra geratzen delako aukeratu dugu horrela esatea, baina kantuaren mezuak sakontasuna dauka. Eta Kill your idols-ek Mondra&Roll jaialdiaren filosofia, tamaina handitan saldutako punka, kritikatzen du: dirutza ordaindu zahar batzuek esaten dutena ikusteko, eta guk Jaizale tabernan dohainik gauza bera egin genuen".
HITZ POLEMIKOEKIN MEZU SAKONAK ZABALTZEA DA ABESTIAK EGITEAN BILATZEN DUTENA
Konplikatu barik
Nabari zaie euren kontraesanetatik abiatzen direla ironia zorrotza erabiltzerakoan. Izan ere, joan den zapatuko kontzertu inprobisatu hura Monterrongo jaialdiaren erakarpen indarra baliatuta antolatu zuten: "Kalea kanpoko eta bertako jendez bete zen goizetik, eta zerbait eskaini nahi genien, jakinda geure burua ezagutarazteko aukera aproposa zela". Hura izan zen Bat Bat Biren seigarren kontzertua; estreinaldia, ostera, Danbaka lehiaketan egin zuten, urrian, publikoaren botoei esker. Handik aurrera, bailarako herrietan jarraitu dute jotzen: "Guri ez digu inork deitzen; guk deitzen dugu taberna eta gaztetxeetara".
Diskoa nola grabatu zuten jakiteak ere ematen du taldearen izaeraren berri: "Bilboko Pookah estudioari egun bakarrean atera genion zukua, klaketa barik eta zalantza dezenterekin. Horren prestaketa urriarekin joanda ere, emaitza txukuna irten zaigu. Guztia azkar eta zikin egitea gogoko dugu; zuzeneko taldea gara". Irailetik aurrera kontzertu batzuk lotuko dituztela hitz eman dute, baita bigarren disko bat onduko dutela ere. Itxaropena galtzen ez badute, noski.