Igarotzear den legegintzaldian Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente sozialistak eginikoak izan ditu gogoan Romerok. Haren arabera, "oso zailak" izan dira azken lau urteak, baina gobernuak pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko hartutako erabakiak goraipatu ditu. "Sustatutako politikek historiako ezkutu sozialik handiena zabaldu dute, gehien behar dutenak eta ahulena babesteko". Hala, nabarmendu du "gehiengo sozialarentzat" gobernatu dela Espainian.
Biteri plazan egin dute agerraldia goizean, eta alboan izan ditu alderdikideak Kongresurako hautagaiak. Besteak beste, Azahara Domingez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko Gipuzkoako diputatua, Aritz Murua Arrasateko Udaleko PSE-EEko bozeramailea eta Blanca Roncal elkarteko idazkari nagusia izan dira bertan.
Botoa sozialistei emateko eskaria
Romerok sozialisten aldeko botoa emateko eskaria egin du, "beste aukerek ez dutelako bermatuko gobernu aurrerakoi bateko" presidente bat egotea. Nabarmendu baitu "dikotomia" dagoela: "Sanchez edo Feijoo eta eskuin muturra; aurrera edo atzera egitea". Hala, argi du bi aukera horien artean dagoela etorkizuna, baina bakarraren alde egin du: "Eredu bakar batek egin dezake Espainia eta Euskadi hobeto bizitzeko leku eta Gipuzkoa bidezkoago bat. PSOErekin eta Pedro Sanchezekin bakarrik jarraituko dugu eredu ekonomiko justua bultzatzen".